Aljeria

Buteflikaren dimisioa eskatu du gobernuko alderdiko buruak ere

Bateratze Demokratiko Nazionala alderdiak bat egin du ordu batzuk lehenago armadako buruak egindako eskariarekin.

Buteflikaren kontrako protestak, Aljerren, martxoaren 19an. MOHAMED MESSARA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 27a
14:24
Entzun

Abdelaziz Buteflika Aljeriako presidenteak geroz eta babes urriagoa du hurrengo hauteskundeetara aurkezteko. Gobernuko alderdiak berak eskatu dio dimisioa aurkezteko. RDN Bateratze Demokratiko Nazionala alderdiko presidente Ahmed Ouyahiak adierazi duenez, "RDNk gomendatzen du Abdelaziz Buteflika presidenteak karguari uko egitea".

Eskari bera egin zuen atzo Ahmed Gaid Sala Aljeriako armadako buru eta Defentsako ministrordeak. RDNk bezala, Konstituzioaren 102. artikulua aktibatzeko eskatu du armadako buruak ere, presidentea ezgaitu izendatzeko eta herrialdeko krisi politikoari irtenbidea emateko.

Buteflikak 82 urte ditu, eta osasunez ahul dago. Hala ere, erabaki zuen bosgarrenez presidente hautatua izateko aurkeztea bozetara. Martxoaren 11n, atzera egin, eta iragarri zuen ez zela hauteskundeetara aurkeztuko. Apirilaren 18an egitekoak ziren hauteskundeak atzeratzea erabaki zuen, eta konferentzia nazional "independente eta inklusibo" batera deitzea, erreforma politiko bat egiteko.

Aljeria garai berri baten atarian da. Duela hilabete inguru hasi zen agintariaren aurkako protesta, eta etengabe hazi da, eta herrialde osora hedatu. Buteflikaren azken maniobrak ere ez ditu protestak eten, eta atzo ere kalera irten ziren herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.