Migrazioa

EBk ez du erreskaterako ontzirik bidaliko Mediterraneora, "behin-behinean"

EB Europako Batasuneko kideek adostu dute Sophia operazioa sei hilabetez luzatzea, baina erreskate ontzien parte hartzerik gabe. Libiako kostazainen eta GKEek egingo dituzte soilik erreskate lanak itsasotik.

Joan den abuztuan Mediterraneoan erreskatatutako migratzaile talde bat. GUGLIELMO MANGIAPANE, SOS MEDITERRANEE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 27a
07:11
Entzun

Mediterraneoan ez da EBko estatu kideen ontzirik izango migratzaileen erreskaterako, "behin-behinean". Ez dago argi noiz arte luzatuko den egoera hori. EBko 28 estatuek erabaki dute legez kanpoko migrazioaren kontrako Sophia operazioa moldatzea. Sei hilabeterako luzatu dute, baina estatuen ontzien jarduna bertan behera utzita, zehaztu gabeko epean. Ontzien erreskateak indargabetuta, oraingoz, aireko baliabideak erabiliko ditu soilik EBk migratzaileen itsasoa zeharkatzeko saiakerak zaintzeko. Era horretara, Italiak eginiko eskaria bere egin du EBk.

Bide beretik joko duela iragarri du NATOk ere. "EBren jarrera aldaketaren ondorioz, NATOren eta EBren ontzien arteko harreman operatiboa murriztu egingo da", azaldu dute: "Itsasontzirik ez badago, ez dugu babes logistikorik emango".

Italiak ohartarazi zuen ez zuela Sophia operazioa aldaketarik egin gabe onartuko. Argudiatu du batasuneko kideek ez dutela adostu erreskatatutako migratzaileak nola banatuko dituzten lehorreratzen direnean. Hori dela eta, EBko kideek erabaki dute "behin-behinean" indargabetzea estatuen erreskaterako ontzien jarduna. Hala, egiteko hori Libiako kostazainen eta GKEen bizkar geratuko da.

"Orain arte ez da akordiorik lortu lehorreratzeen gainean eta estatu kideek Sophia operazioa sei hilabetez luzatzea erabaki dute, eta itsasoko baliabideak behin-behinean indargabetzea, estatu kideek lehorreratzeei buruzko interbidean lanean jarraitzen duten bitartean", adierazi du Maja Kocijancic EBko Atzerri Gaietarako bozeramaileak.

Sophia operazioak datorren igandean zuen iraungitze data. Aurretik ere azken unean berritu zuten estatu kideek. Larrialdi neurri gisa, hiru hilabetez luzatu zuten 2018 urte amaieratik 2019ko martxoaren 31ra.

Federica Mogherini EBren Kanpo Politikarako ordezkariak aitortu du Sophia "itsas operazio bat" dela eta ezingo duela bere helburua era eraginkorrean bete itsas baliabiderik gabe. "Baina estatu kideek hartu dute erabakia", gaineratu du.

EBko kideek hartutako erabakia Europako Kontseiluak berretsi beharko du neurrian indarrean sar dadin. Martxoaren 31 baino lehen eman beharko dio oniritzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.