Euskara

Kirola, gazteen artean euskararen erabilera indartzeko aukera

D ereduko kirola ikerketa aurkeztu du Soziolinguistika Klusterrak: euskara erabiltzeko baldintzak sortzeko ardura helduek dutela ohartarazi dute.

Euskarari eta kirolari buruzko ikerketaren aurkezpena. JON URBE, FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko martxoaren 27a
07:12
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost kirol klubetan egin dute D ereduko kirola izeneko ikerketa, hiru urtetan. Goizean aurkeztu dituzte ondorioak Donostian. "Nola indartu eskolatik kanpo euskarazko sozializazioa haur eta gaztetxoen artean? Aisialdia eremu zabala da, eta komeni zen zehaztea. Kirola hautatu zen gizartean ospea duelako, eta baita kuantitatiboki pisu handia ere", azaldu du Pablo Suberbiola klusterreko ikerlariak. Ondorio argi bat atera dute: kirola eskolaren eta aisialdiaren artean dagoen esparrua da, baduena formaletik, baina baita asketik ere. Uste dute bien arteko zubi lana egin dezakeela. 

Suberbiolak ohartarazi du klubetan euskara erabiltzeko ardura entrenatzaileengan eta jokalariengan jartzen dela sarritan. Horri buelta eman nahi izan dio: "Euskara erabiltzeko baldintzak sortzeko ardura helduek dute, klubaren arduradunek". 

Ondorioak
Ikerketa egiteko hautatu dituzten klubei, gazteei, entrenamenduei eta entrenatzaileei erreparatuta hainbat ondorio atera dituzte.

1. Klubak. Euskararen sustapenaren aldeko jarrera dute. Horrek lagundu egiten die gazteei euskaraz hitz egiten. Klubek ez dute hizkuntza plangintza zehatzik, baina zenbait erabaki euskararen baitan hartzen dituzte.

2. Hizkuntza praktikak. Gazteak jabetzen dira klubak euskararen biziberritzearen alde daudela, eta, beraz, euskarak garrantzia duela eremu horretan. Askok entrenamenduak euskararekin lotzen dute, eskolarekin batera.

3. Entrenatzaileak erreferente. Gazte kirolarientzat erreferenteak dira entrenatzaileak, baita hizkuntza erabilerari dagokionean ere. Giroa zaintzen dute, eta gazteekin hurbiltasuna garatzen dute. 

4. Entrenatzaile hiztunak. Entrenatzaileak jakitun dira euren papera oso garrantzitsua dela taldeen Euskararen erabilerak eragina du jokalariengan, eta gazteek gehiago hitz egiten dute euskaraz haiek ere hala egiten badute.

5. Entrenatzaileak, euskaraz. Oro har, entrenatzaile gehienak euskaraz aritzen dira ia beti taldeko gazteekin, baita jokalarien arteko jarduna gaztelaniaz denean ere.

6. Gazteen hizkuntza praktikak. Jokalari gazteen artean gehiago entzun dute gaztelaniaz euskaraz baino. Alde nabarmenak daude talde batetik bestera. Halere, orokorrean gehiago erabiltzen dute euskara entrenatzailearekin hitz egiten ari direnean.

7. Gazteen hizkuntza gaitasuna. Gazte jokalari gehienek maila antzekoa dute euskaraz eta gaztelaniaz. Oso gutxik esan dute hobeto moldatzen direla erdaraz euskaraz baino. Euskaraz hobeto moldatzen direla esan dutenak eremu euskaldunetakoak izan ohi dira.

8. Hizkuntza aldaketa. Gazte askok azaldu dute nerabezaroan utzi diotela euskaraz hitz egiteari, eta gaztelaniaz hasi direla.

9. Komunikazioaren garrantzia. Komunikazioa entrenamenduetan lantzen den arlo garrantzitsua izaten da, eta taldea indartzeko lagungarria izan daiteke.

10. Esaldi laburrak eta emozioak. Behatutako partida eta entrenamenduetan ez dira elkarrizketa luzeak izaten. Kirol hizkeran bi alderdi daude: emozioen adierazpena eta kiroleko terminologia edota aginduen adierazpenak. Gehiago egiten da euskaraz aginduak emateko emozioak adierazteko baino.

11. Entrenamenduetako giroa. Giroa lasaia eta erlaxatua da, oro har, entrenamenduetan, baina aldi berean, formaltasuna eta diziplina handia dute. Egoera horrek aukera asko eskaini ditzake gazteen artean euskararen erabilera handitzeko ariketak egiteko.

12. Hizkuntza lanketa. Entrenatzaileak azalpenak ematen dituen unean ez ezik, partidetako eta entrenamenduetako une ezberdinak erabili daitezke hizkuntza lantzeko. Esaterako, entrenamenduetako jolasak emozio uneak dira.

13. Gazteen iritziak eta bizipenak. Gazteen artean ez dute ikusi euskararekiko sentimendu ezkorrik. Euskaraz hitz egin behar den galdetu dietenean baietz erantzun dute. Euskara desagertzearen arriskuaren inguruko kezka azaldu dute. Halere, zenbaitek esan dute ‘askatasunez’ erabaki dezakeela norberak zein hizkuntzatan hitz egin.

14. Hizkera ez formala. Gazte gehienei kosta egiten zaie hizkera ez formala erabiltzea euskaraz egiten dutenean. Askotan sentitzen dute ez dutela horretarako gaitasun nahikorik.

15. Kode nahasketa. Oso ohikoa da esaldi berean euskara eta gaztelania erabiltzea. Dena den, gehienetan gaztelaniatik euskarara egiten dute hizkuntza aldaketa, eta oso gutxitan alderantziz.

16. Bizipen positiboak. Kirola gazteengan eragiteko gune estrategiko bat izan daiteke. Izan ere, gazteek ikus dezakete euskara hizkera ez formalean ere eroso erabili dezaketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.