Katalunia

BERRIAk Icetari egindako elkarrizketak hautsak harrotu ditu

Besteak beste, El Mundo, ABC, VilaWeb, Nacio Digital, Ara, La Vanguardia hedabideetan izan du oihartzuna BERRIAren elkarrizketak. Espainiako eskuinak kargu hartu dio sozialistei, eta PSOEk garrantzia kendu dio Icetaren esanei.

jarraia164473.jpg
2019ko martxoaren 28a
13:11
Entzun

"Herritarren %65ek independentzia nahi badute, demokraziak ahalbidetu beharko du". Esaldi hori izenburuetara eraman zuten asteazkenean Kataluniako hainbat hedabidek. Asteazkeneko egunkarian argitaratu zuen BERRIAk Miquel Iceta PSCko lehen idazkariari egindako elkarrizketa.

Artikuluak oihartzun handia izan du Espainiako nahiz Kataluniako hedabideetan, eta polemika politikoa ere eragin du. PPko eta Ciudadanoseko buru batzuek kritikatu egin dituzte Icetaren esanak, eta ostegun honetan PSOEko ordezkariek urrundu egin nahi izan dituzte Icetaren kontrako salaketak.

Ines Arrimadas Ciudadanoseko hautagaiak aipamena egin zion Icetaren esanari asteazkenean, Twitterren, eta ohartarazi zuen "Sanchezen asmoa" dela "Espainia zatika saltzea separatistei". PPko buru Pablo Casadok, berriz, ostegun honetan esan du Katalunian independentzia sustatzea dela Pedro Sanchezen ibilbide orria.

Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak erantzun die kritika horiei, ostegun honetan. Esan du "Iceta kideak" ohitura duela "gogoetak" egiteko, baina erantsi du horrelako hausnarketak publiko egitea, hauteskunde garaian egonik, "ezegokia" dela.

Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak, berriz, nabarmendu nahi izan du PSOEk independentziaren aurkako jarrera argia duela: "Iceta sozialista andiindependentista bat da, baina gure herrialdeak ez du egitura juridikorik inork, erreferendum batekin, Espainiako Estatuaren batasuna apur dezan. Ez dago gairik".

Icetak berak azalpen batzuk eman zituen asteazkenean, Twitterren, zazpi puntutan. "Legearen barruko elkarrizketa" defendatzen duela esan zuen, "federalista konbentzitua" dela, eta "guztion Espainian" sinesten duela. "Independentziaren aurka nago. Ez dut uste independentziari buruzko erreferendum bat konponbidea denik bitan zatitutako gizarte batentzat", argitu du Icetak: "Uste dut autogobernuari eta finantzaketari buruzko akordioa dela konponbidea, estatu autonomiko edo federal batean sar daitekeena. Komenigarria litzateke herritarrek itun hori berretsi ahal izatea". BERRIAri emandako elkarrizketan ere sakondu zuen ideia horietan.

Elkarrizketa, ordea, Espainian telebista kate askotan, irratietako albistegietan, eta El Mundo, eldiario.es, ABC eta beste egunkari askotan jaso dute, baita euren papereko osteguneko edizioetan ere; Europapress albiste agentziak ere zabaldu zuen asteazkenean.

Katalunian VilaWeb, Nacio Digital, Ara eta La Vanguardia hedabideetan eman zuten elkarrizetaren berri, asteazken eguerditik. "Miquel Iceta PSCko lehen idazkariak ez du uste Kataluniaren independentzia ezinezkoa denik, baina esan du bi eta hamabost urte artean beharko direla erreferendum adostu bat egiteko", azaldu zuen, esaterako, VilaWeb-ek. Twitterren zabaldu zuten albisteak ia 600 erantzun izan zituen.

Nacio Digital-en, berriz, horrela jaso zuten elkarrizketaren oihartzuna: "PSCko lehen idazkariak nabarmendu du orain ez dela posible, [Espainiako] Kongresuan ez dagoelako autodeterminazio eskubidea babesten duen gehiengorik".
La Vanguardia-k Sanchezen adierazpen batzuekin lotuta argitaratu zuen BERRIAko elkarrizketari buruzko informazioa: "[Espainiako] Gobernuko presidente Pedro Sanchezek PSOEn lidergoa berreskuratzera eraman zuen Espainia plurinazionala baztertu duen egun berean, hala onartu du PSCko lehen idazkari Miquel Icetak: 'Herritarren %65ek independentzia nahi badute, demokraziak ahalbidetu beharko du'".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.