Torturak

Haserre agertu dira poliziak Bartzelonan, torturak salatzeko plaka batengatik

Bartzelonako Udalak jarri du oroigarria, Espainiako Poliziaren egoitza nagusiaren aurrean, Via Laietanan. Oroimen ekitaldia "elkarbizitzaren aurkako atentatua" dela salatu du Poliziako sindikatu nagusiak.

Asteartean jarri zuten oroigarria Via Laietanako polizia etxearen ondoan. BARTZELONAKO UDALA.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 27a
20:07
Entzun

Via Laietanako 43.a. Errepresioaren memoria izeneko plaka bat jarri du Bartzelonako Udalak Espainiako Poliziak Kataluniako hiriburuan duen egoitza nagusiaren ondoan, memoria ekitaldi gisa. Asteartean jarri zuten oroigarria atril batean. "Frankismoko biktimekin eta memoria demokratikoaren aldeko entitateekin geneukan zorra zen hau", azaldu zuen Gerardo Pisarello alkateordeak.

Izan ere, errepresioaren, jazarpen politiko eta sindikalaren eta torturaren sinbolo izan da urte luzez erakin hori. Izan ere, Espainiako Poliziaren egoitza nagusia da 1941etik, eta baita brigada politiko-sozialena ere. Poliziek hamarkadatan torturatu izan dute leku horretan.

Poliziei ez zaie keinua gehiegi gustatu. SUP sindikatu nagusiak, esaterako, oroigarria "elkarbizitzaren aurkako atentatua" dela adierazi du: "Estigmatizatu egiten du polizia nazionalen kolektiboa; haietako asko katalanak dira, eta %70etik gora demokrazian jaiotakoak". SUPen esanetan, "arduradun politiko separatistak" daude ekinbidearen atzean.

2017ko ekainean, ERCren proposamen bat onarri hartuta, Espainiako Kongresuak onartu zuen Via Laietanako polizia-etxea museo bihurtzea, "errepresio frankistaren memoriarako, dokumentaziorako eta artxiborako zentro" izan zedin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.