Berdintasuna

Berdintasunerako Legea aurrera atera dute Nafarroako Parlamentuan

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta Ezkerrak alde bozkatu dute, eta UPNk eta PPk, kontra.

jarraia164506.jpg
joxerra senar
2019ko martxoaren 28a
07:09
Entzun

Legealdiako azken osoko bilkuran aurrera atera da Berdintasunerako Legea, espero bezala. Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak nabarmendu du lege eraldatzailea izango dela, eta egiturako aldaketak ekarri nahi dituela, "emakumeen eskubideak eta ahalduntzea erdigunean jarriz".

Legeak berdintasuna politika publikoen "ardatz nagusi" izatea ezartzen du, eta administrazio publikoaren zein erakundeen jardueran berdintasuna ahalbidetzeko egiturak, baliabideak eta mekanismoak arautzen ditu.

EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, mugimendu feministaren azken urteetako borrokaren ondorioz etorri da legea, eta "aurrerapauso" bat da. Dena den, ohartarazi du "atzerapauso autoritarioa" etor daitekeela, eta eskuinari aurpegiratu dio genero ideologia argudio gisa erabiltzea. Ruizen arabera, berdintasun politikak egitetik politika feministak egitera pasatu behar da.

Ahal Dugu-ko Tere Saezen arabera, berdintasuna politika publikoen erdian jartzeko pausoek ez dute atzera-bueltarik, nahiz eta eskuina horretan ahalegindu. "Esnatutako pentsamendua ez da lokartzen, hori lortu dugu". PSNko Nuria Medinaren ustez, berandu dator, baina "ezinbesteko" deritzo. Ezkerrako Marisa de Simonen arabera, berriz, "Estatuan Nafarroa abangoardia da legeari esker".

UPNko Ana San Martinen arabera, kontra daude, hezkuntzan Skolaeren moduko programak inposatzen direlako. "UPNk garrantzi berezia ematen dio hezkuntzari, baina gobernuak edukiak inposatu nahi ditu, familien parte hartzeari uko eginez eta ikastetxeen autonomiari eraso eginez".

PPren arabera, berdintasuna ez da "gizonezkoen eta emakumezkoen arteko gerra bat". Legea bultzatu duten alderdiei "emakumeak politika egiteko erabiltzea" aurpegiratu die.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.