Migratzaileak

Martindozenea aterpetxerako bidea seinaleztatu du Irungo Harrera Sareak

Argibide taula bat jarri du migratzaileentzat tren geltokian. Irungo Udalak adierazi du ez dagoela bidea seinaleztatzeko "inongo beharrik".

jarraia164507.jpg
2019ko martxoaren 28a
07:16
Entzun

Irungo Harrera Sareak aurkeztu du migratzaileei Martindozenea aterpetxea aurkitzen lagunduko dien horma irudia. Udalaren "ezezko etengabea ikusirik" ezarri dute plataformako kideek. Harrera Sareak jakinarazi du 938 pertsona artatu, informatu eta lagundu dituela urtarrilaren 1etik: horietako 819 gizonezkoak izan dira, 78 emakumezkoak eta 41 adin txikikoak. Horma irudian ez ezik, kalean ere zehaztu dute bidea, oinatz batzuen bitartez.

Orain dela lau hilabete egokitu zuen Irungo Harrera Sareak Martindozenea aterpetxea Irunera iristen diren migratzaileentzat. Plataformak azpimarratu du geltokitik aterpetxerainoko bidea seinaleztatzea garrantzitsua dela helarazi izan diola Udalari harekin egindako bileretan, “bestela, hiria ezagutzen ez duen edozeini oso zaila baitzaio lekua topatzea”. Baina adierazi du Irungo Udalak ezezkoa eman diola eta, horregatik, migratzaileak Martindozeneraino laguntzea “behartu” duela.

Irungo Udalaren “alferkeria” salatu dute Harrera Sareko kideek. Azaldu dute azaroaren 30eko bilkuran Irungo Udalbatzak plataformaren lana “aitortu” zuela, eta otsailaren 22an udalbatzak “aho batez” adostu zituela haien eskakizunak: tartean, aterpetxerako bidea seinaleztatzea.

Plataformak gaineratu du Jose Antonio Santano (PSE-EE) Irungo alkateak otsailaren 26an jakinarazi ziola “ez dagoela bidea seinaleztatzeko inongo beharrik” eta, prozesua “oso luzea” izango litzatekeela argudiatuta, “ez dela gauzatuko”.

Harrera Sareak azaldu du martxoaren 22an udalak tren geltokian kontsignaren bat jartzeko iradoki zuela: “Baina udalaren ezezko etengabea ikusirik, Irungo Harrera Sarekook seinaleztatzea prestatu genuen, eta, atzerapen posibleak ikusirik, aurrera egitea erabaki dugu, bidea guk geuk seinaleztatuz. Ez du inolako zentzurik baliabide bat erabiltzaileentzako ezkutaturik mantentzeak”.

Bihar, martxoaren 29an, Irungo Udalbatzan izango da Irungo Harrera Sarea, “seinaleztatzeari buruzko informazioa emateko, eta, otsailaren 22an onarturiko mozioak zehazten duenaren arabera, gure eskaerei erantzuna eman behar dietela gogorarazteko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.