Sare sozialak

Facebookek "euskal separatismoa" erabili du adibide gisa, supremazismo zuria debekatzeko oharrean

"Nazionalismo zuriarekin" eta "separatismo zuriarekin" lotutako mezuak debekatuko dituela iragarri du enpresak. Azalpenean, salbuespen moduan aipatu ditu "estatubatuarren harrotasuna" eta "euskal separatismoa": "Pertsonen identitatearen parte garrantzitsu dira".

LUONG THAI LINH/EFE.

Hodei Iruretagoiena -

2019ko martxoak 28

"Nazionaslimo zuria eta separatismo zuria" goraipatzeko eta babesteko mezuak debekatuko dituela iragarri du Facebook-ek —harena da Instagram sare soziala ere—. Hala argudiatu du erabakia, ohar batean: "Argi dago kontzeptu horiek erabat lotuta daudela gorroto talde antolatuekin, eta ez dute lekurik gure zerbitzuetan".

Sare sozialak emandako azalpenen arabera, aspaldi debekatu zituzten "arrazaren, jatorri etnikoaren edo erlijioaren arabera pertsonei gorrotozko tratua ematea", baina orain arte ez zuten irizpide bera erabiltzen "nazionalismo zuriaren eta separatismo zuriaren adierazpenen" aurka: "Ez genuen arrazoiketa bera erabiltzen nazionalismo zuriaren eta separatismo zuriaren adierazpenen aurka, nazionalismoaren eta separatismoaren kontzeptu zabalagoak genituelako gogoan, estatubatuarren harrotasuna eta euskal separatismoa bezalakoak, pertsonen indetitatearen parte garrantzitsu direnak".

Horra Facebookek aterata oharraren pasartea:

Duela bi aste, martxoaren 15ean, Zeelanda Berriko bi meskitari eraso egin, eta 49 lagun hil eta 48 zauritu zituen supremazista zuri batek. Zuzenean emititu zuen erasoa, hain zuzen, Facebook sare sozialean, hamazazpi minutuz, soinean zuen GoPro kamera erabilita. Facebookek atzo egin zuen publiko debeku berriak jakinarazteko oharra, azaldu duenez, gizarte ziileko eta akademiako adituekin landu dute gaia azken hiru hilabeteetan. "Baieztatu digute nazionalismo zuria eta separatismo zuria ezin direla erabat bereizi supremazismo zuritik eta antolatutako gorrotozko taldeetatik".

"Aurrerantzean, pertsonek beren jatorri etnikoagatik harrotasuna agertzen jarraitu ahal izango duten arren, ez dugu onartuko supremazismo zuria eta separatismoa goraipatzea edo babestea", ohartarazi du Facebookek. "Zoritxarrez, beti egongo da bere sistemak gorrotoa zabaltzeko erabiltzen saiatuko den jendea".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna