Venezuela

Kargu publikoetarako inhabilitazioa ezarri diote Juan Guaidori

Hamabost urterako ezarri diote zigorra, "parlamentuaren barruko betebeharrak sistematikoki urratu", gasturik erregistratu gabe 90 bidaia egin eta atzerritik deklaratu gabeko funtsak jasotzea leporatuta.

Juan Guaido bere jarraitzaileei hitzaldi bat ematen, atzo, Caracasen. RAYNER PEÑA, EFE.
2019ko martxoaren 28a
10:30
Entzun

Venezuelako CGR kontu publikoak kontrolatzeko erakundeak hamabost urterako inhabilitazioa ezarri dio Juan Guaido diputatuari. Elvis Amoroso erakundeko buruak azaldu duenez, otsailaren 11n hasitako kontu ikuskatze baten ondorioz hartu dute erabakia. Kontuak deklaratzean informazioa ezkutatzea egozten diote, eta, zehazki, "atzerritik deklaratu gabeko funtsak jasotzea".

Amorosok azaldu duenez, Venezuelako migrazioak erregistratzen dituen erakundeak jakinarazi zuen Juan Guaido diputatuak 91 bidaia egin dituela atzerrira diputatu kargua hartu zuenetik, 300 milioi bolibar baino gehiago xahutu dituela bidaia horietan, eta ez dagoela erabilitako baliabideen erregistrorik. "Ekinbide hau parlamentuaren barruko betebeharrak sistematikoki urratzeagatik hasi dugu, funtzio publikoak usurpatzeaz gain". Venezuelako Konstituzioko 187. artikuluaren arabera, "Venezuelako herriaren onurarako" lanak baino ezin dituzte egin diputatuek.

Juan Guidok behin-behineko presidente izendatu du bere burua urtarrilean, manifestazio batean. Geroztik, AEBren eta beste herrialde batzuetako gobernuen babesa jaso du, baina ez du lortu Nicolas Maduroren gobernua botatzea. Gobernuak berak, eta nazioarteko ahots askok "estatu kolpe" saikeratzat jo zuten Guaidok egindakoa.

Guaido: "Ez da existitzen"

Guaidok garrantzia kendu nahi izan dio erabakiari, Venezuelako Errepublikako erakundeen zilegitasuna zalantzan jarriz. "Erakunde hori [CGR] ez da existitzen", esan du, Caracaseko eskola batean egindako ekitaldian. Guaidoren esanetan, "beldurra eragiteko" hartu du erabakia Maduroren gobernuak. "Baina Venezuelako herriak badaki horrek ez duela krisi elektrikoa konponduko. Konponbidea usurpazioa amaitzea da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.