Zinema

Agnes Varda zinemagilea hil da

Nouvelle vague mugimenduaren aitzindaritzat jo izan da. 90 urte zituen.

Agnes Varda zinemagilea, joan den otsailean, Berlinen. ADAM BERRY / EFE
Berria
2019ko martxoaren 29a
11:13
Entzun

Vardak Artearen Historia ikasi zuen Parisen, eta 1948an, 20 urterekin, TNP Theatre National Populaire-ko argazkilari bilakatu zen. 1954an, bakarkako lehen erakusketa egin zuen, bere patioan bertan, eta, ondoren, Txinari eta Kubari buruzko hainbat erreportaje egin zituen. Baina argazkilaritza gustatuta ere, zinema ere maite zuen —gehiago maite zuela ere esan izan du—, eta, Sete hirian irudi batzuk filmatzen ari zela, zinemara jauzi egitea erabaki zuen. La Pointe Courte (1955) izan zuen lehenengo filma, eta Cine-Tamaris konpainia txikia sortu zuen hura ekoizteko.

Nouvelle vague mugimenduaren aitzindaritzat jo zuten Vardaren lehen lana, eta hurrengo lanak ere joera hari lotuta agertu ziren, nahiz eta Vardari berari ez zitzaion gehiegi gustatu hori: «Alain Resnais, Jacques Demy, Chris Marker, ni neu... izen beraren azpian bildu gintuzten, baina ez ginen talde bat», esan zuen behin.

Vardak zuzendutako lanen artean daude Lions Love (...and Lies), Cléo de 6 à 7, Le bonheur, Black Panthers eta Les Glaneurs et la glaneuse. 40 film baino gehiago egin ditu guztira. "Bizitza diru bila pasatu dut, baina nire zinema askea izatea lortu dut. Inoiz ez dit inork esan: 'Nahi duzu film bat egitea?', kontatu zuen elkarrizketa batean.

BIldutako sarien zerrenda ere oso luzea; besteak beste, 2017an eman zioten Donostia saria, eta, urte hartan bertan lortu zuen Ohorezko Oscar saria ere. Eta hilabete eskas da Berlinalen omenaldia egin ziotela; Ohorezko Kameretako bat eman zioten.

Donostia Saria jaso zuen urtean, Vardari buruzko bideo-soslaia egin zuen BERRIAk.

[youtube]https://youtu.be/gp5F4qSqHz0[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.