'Brexit'-a

Komunen Ganberak berriz baztertu du 'brexit'-erako akordioa

286 diputatuk babestu dute Bruselarekin adostutako ituna jasotzen duen mozioa; 344k bozkatu dute kontra. Gauzak aldatu ezean, apirilaren 12an aterako da Erresuma Batua EBtik, akordiorik gabe.

Philip Hammond Erresuma Batuko Ogasun ministroa, gaur, Downing Streetera iristen. FACUNDO ARRIZABALAGA, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 29a
10:54
Entzun

Dagoeneko korapilatsua zen, eta egoera kaotiko batean galtzeko arriskua du Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak. Bruselarekin adostutako brexit-erako ituna bitan atzera bota ondoren, hirugarrenean ere baztertu egin du akordioa Komunen ganberak: 286 diputatuk babestu dute gobernuaren mozioa, eta kontra bozkatu dute 344k —58 botoren aldea da—. Gauzak daudenean, apirilaren 12an aterako litzateke Erresuma Batua EBtik, akordiorik gabe. Apirilaren 10erako ezohiko goi bilerara deitu du Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak.

Bozketaren emaitza jakin bezain laster, May lehen ministroaak baieztatu du "atsekabe sakonerako motibo" dela Komunen Ganbera "EBtik modu ordenatuan irtetea babesteko gai ez izatea". Horren ondorioak "larriak" izan daitezkeela ohartarazi du, baina ziurtatu du aukera horren alde egiten jarraituko duela. Ez dauka denbora askorik; gauzak daudenean, apirilaren 12an aterako litzateke Erresuma Batua EBtik, akordiorik gabe. Beste luzapen bat eskatzea litzateke orain aukera bat, baina EBk aurreratu zuen pisuzko proposamenak egin behar dituela horretarako.

Berez, gobernuaren mozio bat da bozkatu dutena, baina horrek bere barnean hartzen du Europako Batasunetik ateratzeko ituna, Mayk eta Bruselak adostutakoa; ez, ordea, adierazpen politikoa. Oposizioko hainbat kidek kritikatu dute Mayren jokaldia. "Azken aukera da", esan du Mayk bozketaren aurretik parlamentuan egindako hitzaldian. Aitortu du "pertsonalki pena" emango liokeela brexit-a ez gauzatzeak: "Britainiarrek galdetuko lukete: zergatik ez dugu irteera gauzatu?".

Gaur bertan, Geoffrey Cox Erresuma Batuko fiskal nagusiak mozioaren aldeko botoa eskatu du. Alderdiko kritikoak konbentzitzen ahalegindu da gobernua azken egunetan, baina ez du lortu gehiengora iristea; besteak beste, Irlandako DUPeko kideek ezezkoan jarraitzen baitute gaur-gaurkoz. Mozio hori onartu izan balute, Erresuma Batua maiatzaren 22an aterako litzateke EBtik, gobernuaren arabera. Atzera bota ondoren, ordea, apirilaren 12ko data gainean dute; bi asteko epea da, eta kontuan izan behar da diputatuek ez dutela lortu plan alternatiborik adostea. Une honetan, beraz, akordiorik gabeko irteera baterantz joango litzateke Erresuma Batua.

Aldeko botoak lortzeko lasterketan, gobernuak gaur ziurtatu du brexit-erako bigarren fasean diputatuei ahalmena emango diela gobernuak ganberaren "mandatua negoziatzeko". Herenegun, May prest agertu zen dimisioa emateko Komunen Ganberak bere akordioa onartzearen truke.

"Bi aldeen artean negoziatutako ituna beharrezkoa da, eta, era berean, hori onartzea nahikoa da Erresuma Batuaren irteera ordenatu bat bermatzeko", esan du Margaritis Schinas Bruselaren bozeramaileak gaur, bozketa baino lehen.

Herri eskaera, astelehenean

Astelehenean, berriz, bertan behera utzi brexit-a herri ekinbideaz eztabaidatzekoak dira, Komunen Ganberan. Margaret Anne Georgiadou britainiarrak erregistratu zuen parlamentuan orain dela aste batzuk, eta, geroztik, sei milioi lagunek sinatu dute eskaeraren alde. Ekinbide batek 100.000 sinaduratik gora biltzen dituenean, ganbera behartuta dago horri buruz eztabaidatzera. Eskaeraren harira, brexit-a ez duela ezeztatuko nabarmendu zuen Erresuma Batuko Gobernuak atzo, berriro. Gisa horretako ekinbideen bozketen emaitzak ez dira lotesleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.