Indarkeria matxista

CUPeko zuzendaritza utzi du Mireia Boyak, kide baten "jokabide erasokorragatik"

CUPeko parlamentari ohi eta zuzendaritzako kideak salatu du "eraso psikologiko jarraitua" jasan behar izan zuela Kataluniako parlamentuan aritu zen garaian, eta horrek osasun arazoak ere eragin zizkiola.

Mireia Boya. ALEJANDRO GARCIA, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 29a
10:55
Entzun

Mireia Boya Busquet (Sent Gaudenç, Okzitania; 1979) CUPeko parlamentari ohi eta Idazkaritza Nazionaleko kideak dimisioa eman du. "Banoa politika nazionaletik arnasa eta indarrak berreskuratzeko, pertsonala politikoa dela aldarrikatzen duen feminismoaren printzipio hura gogoan. Banoa, zerbait azaldu nahian, uste baitut zor dizuedala eta mesede egingo didala", adierazi du gaur zabaldutako oharrean. Iazko otsailetik zen Idazkaritza Nazionaleko kide.

Boyak salatu duenez, "eraso psikologiko jarraitua" jasan behar izan zuen Kataluniako parlamentuan aritu zen garaian —2016ko urtarriletik 2017ko urrira—, eta horrek osasun arazoak ere ekarri dizkiola azaldu du: "Orain, Idazkaritza Nazionaleko kide gisa egin beharreko lanetan, berriz ere pertsona harekin egin behar izan dut topo, eta jarrera erasokor eta botere rol horien oroitzapenarekin, horiek saihesteko eskatu arren, tristuraz ikusi dut antolakundeek joera dutela lehentasunei buelta emateko, eta benetan inporta duena eta errepikatzeari utziko ez diogun hori ahaztu eta periferiko egiteko: pertsonak eta zaintzak erdigunera. Horregatik joan naiz, denbora behar dut neure burua zaintzeko. Eta, lehen aldiz, hartu egingo dut".

Oharra publiko egin eta ordu batzuetara, zehaztapena ere egin du Twitter bidez: "Azken orduetako zurrumurruen aurrean, zehaztu nahi nuke aipatutako pertsona ez dela oraingo Idazkaritza Nazionaleko kide ezta talde parlamentariokoa ere, nire ibilbidean egindako lanengatik espazioak partekatu behar izan ditudan militante bat baizik. Beste behin, nor horretan zentratzen ari gara, eta zer horretan".

Eraso matxisten kudeaketa hobetzea "erronka kolektiboa" dela nabarmendu du CUPeko parlamentari ohiak: "Kontziente naiz". Haren hitzetan, "oinarri horien gainean eraikitzen ez den etorkizunerako edozein proiektuk, edozein herri proiektuk, porrot egingo du". Boya: "Norebere zaurgarritasuna ikusaraztea ere bada guztia aldatzeko apustu egitea".

Amaitzeko, Boyak eskerrak eman dizkie militantziako kideei, eta "kalean eta plazan" elkar ikusiko dutela esan die: "Ez da agur bat, laster arte bat baizik".

CUPen oharra

"Beste behin, CUPek berresten du lanean jarraitzeko konpromisoa, espazio seguru eta biolentziarik gabeak bermatzeko", ziurtatu du CUPeko Idazkaritza Nazionalak gaur ateratako oharrean. Erakunde feminista gisa dituzten "gabezia eta kontraesanetatik ikasten" jarraitu beharra nabarmendu dute, eta gogora ekarri dute bi urte daramatzatela ekintza feministarako plan bat lantzen.

Boyaren kasuri buruz, CUPeko zuzendaritzak esan du "bere egin" duela Boyak egindako salaketa, "azken urte eta erdian kudeatu diren kasuekin" egin duten gisan. "Idazkaritza Nazionala konprometitzen da lanean jarraitzera, indar gehiagorekin ahal bada, emakumeentzat eta pertsona guztientzat espazio segurua izango den antolakunde bat eraikitzeko, baldintza berdinetan parte hartu ahal izateko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.