Palestina

Itzuleraren Ibilaldi Handiaren urtemugan, Gaza odolusten jarraitzen du Israelek

Iazko martxoaren 30ean hasi zuten palestinarrek Itzuleraren Ibilaldi Handia, Lurraren Egunean. Urtebetean, 271 palestinar hil ditu Israelek, NBEren datuen arabera.

Palestinar bat protestan, Nablusen (Zisjordania). ALAA BADARNEH, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 29a
13:36
Entzun

Egun beltz bat gogoratuz hasi zuen Itzuleraren Ibilaldi Handia, iazko martxoaren 30ean. Egun beltz batekin hasi ere. 1976an, Israelek lurren konfiskatzea salatzen ari ziren sei lagun hil zituen egun horrekin, eta urtero gogoratzen dute palestinarrek Lurraren Eguna. Iaz, Gazako mugaren inguruko bospasei lekutan kanpalekuak jarri zituzten, eta antolatzaileen arabera, 40.000 lagun inguru irten ziren mobilizazioetan. Israelgo armadak gutxienez hamasei palestinar hil eta beste 1.400 zauritu zituen egun egun hartan, horietatik 773 balaz eta beste 600 bat negar gasa arnasteagatik.

Ibilaldi Handia hasi zutenean, sei asteko protesta egitea zen asmoa, martxoaren 30etik maiatzaren 15era —Nakba eguna oroitzen dute egun horretan; Israelek Palestina historikoaren %80 inguru konkistatu zuen, 1948an, estatu judua eratzeko 500 herri arabiar inguru suntsituz eta 750.000 palestinarren exodoa eraginez—. Bihar dute urteurrena, eta gaur, ostirala izaki, protestara irten dira Gazan eta Zisjordanian.

Exodo hori ez da eten, eta Palestina odolusten jarraitzen du Israelek. 71. urtea da aurtengoa Nakba edo hondamenditik, eta lurren okupazioan aurrera jarraitzen du Israelek, besteak beste, AEBen laguntzarekin. Asteon, esaterako, Donald Trumpek Golango gainen subiranotasuna aitortu dio Israeli, dekretu baten bidez, NBEren ebazpenen aurka. Gaza bonbardatzeari ere ekin zion Israelek astelehenean, handik jaurtitako suziri batek sei lagun zauritu ondoren.

Itzularen Ibilaldi Handia hasi zutenetik urtebetera, datuak ez dira nolanahikoak. NBEren arabera, 271 palestinar hil ditu Israelek; horietatik 195, protestetan —52 adingabeak ziren, hiru medikuak, eta bi kazetariak—. Zaurituak berriz, 29.170 izan dira; horietatik, 8.000 inguru balekin zauritu dituzte. Denbora berean, bi israeldar hil dituzte. Amnesty Internationalen arabera, 2014ko bonbardaketetan baino jende gehiagok jasan ditu mutilazioak urtebete honetako protestetan —40 egun iraun zuen operazio militarrean 2.500 lagun hil zituzten, 2014an—.

Israelen okupazioaren amaierarekin batera, errefuxiatuen itzulera palestinarren aldarrikapen historikoetako bat da. Nakbatik 70 urte baino gehiago pasatu arren, hori ez dute ahazteko: Gazan egun bizi diren bi milioi lagunetatik, esaterako, 1,3 errefuxiatuak edo errefuxiatuen ondorengoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.