Euskara

Euskaltzain karguaren zina egin du gaur Miriam Urkiak

Akademiako kide osoa izatea lortu duen seigarren emakumea da; 'Hiztegitiik kofradiara' sarrera hitzaldia irakurri du gaur, Aretxabaletan.

jarraia164606.jpg
arantxa iraola
2019ko martxoaren 30a
07:59
Entzun

1965ean jaioa da Urkia, Aretxabaletan (Gipuzkoa), eta hantxe eman du gaur hitzaldia. Lehen hitzak izan ditu Joan Mari Torrealdai goraipatzeko: hura euskaltzain emeritua da orain, eta haren akademiako aulkira doa Urkia, baina harekin batera jardun nahi duela gogorarazi du: "Joan Mari ordezkaezina da". Euskal Filologian doktorea da Urkia, UZEIko Lexikografia saileko zuzendaria. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2003ko urtarrilaren 31n, eta oso, berriz, iazko otsailaren 23an.

Hiztegigintzan egin ditu aski ekarpen interesgarriak, teknologia berrien eremutik, bereziki. Sarrera hitzaldian nabarmendu ditu urteotan alorrean egindako aurrerakuntzak, baina falta denari ere begiratu dio, akademia barruan oraindik koordinazioa hobetzeko sareak ehundu behar direla gogoan hartuta: "Kofradia da amesten dudana, eta izan badugu Euskaltzaindia, baina guztiak modu finean saretzea besterik ez da falta". Batzorde ezberdinen arteko elkarlanean du itxaropena jarrita: "Euskara ehuntzeko saregileak eta sare konpontzaileak beharko ditugulako".

"Haize freskoa dator". Andoni Sagarna euskaltzainak eman dio gaur erantzuna Miriam Urkiari, haren sarrera hitzaldiaren ostean. Euskaltzain berriaren ibilbidea goraipatu du, eta akademian beste emakume bat —seigarrena da— sartzea ere txalogarria dela esan du. Gogoan izan ditu ekarpen garrantzitsuak egindako hainbat andrazko iraganeko, akademiarekin lotura izandakoak, usu atzeko tokietan egotera behartu zituztela deitoratuta: esate baterako, Julia Fernandez Zabaleta, Julene Azpeitia, Juli Berrojalbiz eta Karmele Rotaetxe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.