Turkia

Oposizioak irabazi ditu bozak Ankaran eta Istanbulen

Udal hauteskundeak egin dituzte Turkian, eta CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak aurrea hartu die Erdoganen AKP Justizia eta Garapena Alderdiko hautagaiei hiri nagusietan. Turkia osoa kontuan hartuta, AKPk eta MHPk osatutako aliantza izan da garaile.

CHP alderdiko Ekrem Imamogluren jarraitzaileak, Istanbulen, garaipena ospatzen. ERDEM SAHIN, EFE.
2019ko apirilaren 1a
17:38
Entzun

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen AKP Justizia eta Garapena Alderdiak 25 urtez eutsi dio aginteari Ankaran, baina galdu egin du boterea igandeko udal hauteskundeen ondoren —hala gertatu zaio Istanbulen ere, emaitza estuagoa izanagatik—. CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko Mansur Yavas hautagaiak garaipena aldarrikatu du Turkiako hiriburuan, hauteskunde batzordearen eskutik emaitzak jaso ondoren. Datu ofizialen arabera, botoen %50,9 jaso ditu Yavasek, eta %47 AKPko Mehmet Ozhasekik.

AKPk, ordea, Ankarako hautesleku "gehienetan" irregulartasunak atzeman dituztela salatu du; jakinarazi dute helegitea jarriko dietela emaitzei. "Gure legezko eskubideak azkeneraino erabiliko ditugu, eta ez dugu utziko Ankaran gure hiritarren borondatea aldatzen", ohartarazi du Fati Sahin bozeramaileak.

Ankaran, 1994tik zegoen AKP alkatetzan, eta Erdoganek berak onartu du, zeharka bada ere, CHPren garaipena: "Herriari gauzak azaltzen jakin ez dugulako ez dugu lortu desiotako emaitzarik leku batzuetan. Herria ez da nahasi". "Beharrezko den lekuetan", emaitzei helegiteak aurkeztuko dizkiela ere ohartarazi du Erdoganek. 2002tik Turkiako Gobernuan da AKP alderdia, eta udal hauteskundeek agerian utzi dute egoera ekonomikoak eragina izan duela, batez ere, hiriguneetako boto-emaileen artean. Turkia osoa aintzat hartuta, Erdoganen alderdiak ez du jaitsiera handirik izan.

Istanbulen, ordea, zalantzak egon dira azken unera arte. CHPk garaipena aldarrikatu du han ere, Ekrem Imamolu hautagaiarekin. AKPko Binali Yildririmek ere hala egin du, ordea: "Hauteskundeak irabazi ditugu Istanbulen. Eskerrak ematen diozkiogu Istanbulgo jendeari misio honetan kofiantza emateagatik".

Istanbulen, garaipen estua CHPrentzat

Ia boto guztiak zenbatuta, atzo gauean estu zeuden emaitzak: %48,7 inguru ematen zioten hautagaitza bakoitzari. Botoen %98,5 zenbatuak zituztenean —100.000 bat falta ziren zenbatzeko—, 4.400 boto ingururen aldea ateratzen zion CHPk AKPri. Une hartan, hauteskunde batzordeak eten egin zuen datuen zabalpena, eta CHPko hautagai Imamoluk aldarrikatu zuen garaipena. Hauteskunde batzordeak gaur goizean eman ditu behin-behineko datuak, eta 30.000 boto inguruko aldea eman diote CHPri. Dena den, Erdoganen alderdiak zenbaketa berriz egiteko eskatu dezake.

Erdoganek berak ere onartu du egoera hori: "Istanbulen, barruti gehienetak gureak dira edo berdinketa dago. Zer esan nahi du horrek? Gure jendeak alkatetza utzi badu ere, barrutiak gureak direla oraindik". AKPko iturriek ondoren zehaztu dute Erdoganen adierazpenek ez dietela baliorik kentzen AKPko alkategaiaren hitzei.

Turkia osoa kontuan hartuta, AKPk eta MHPk osatutako aliantza izan da garaile hauteskundeetan, botoen %52 lortuta. CHPk, berriz, botoen %38 eskuratu ditu, baina garaipen garrantzitsua eskuratu du, gutxienez, Ankaran.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.