Komunikazioa

Euskarazko hedabideek elkarlanean emango dute Korrikaren hasiera eta bukaera

BERRIAren webgunean atal berezitu bat izango du Korrikak. Bertan, une oro Korrika nola doan zuzenean ikusteko aukera egongo da. 'Korriklika' saioa egingo du BERRIA TBk.

2015eko saio bateratua, Bilbon. RAUL BOGAO / FOKU
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 2a
17:31
Entzun

«Orain gaur eta hemen dena da posible», esaldia entzun daiteke 21. Korrikaren abestian. Posible da, esate baterako, euskarazko komunikabide guztiek bat egitea Korrikaren hasiera zuzenean elkarlanean emateko: telebistaz, Internet bidez eta irratiz. BERRIAk bat egingo du ostegunean ETBrekin, Goienarekin, Hamaikarekin, Kanalduderekin eta Xaloarekin Korrikaren hasiera Garesetik (Nafarroa) emateko. 16:10ean hasiko dute emankizuna. Aurkezleak Ilaski Serrano eta Naroa Iturri izango dira. Erreportariak, berriz, honakoak: Ion Orzaiz (BERRIA), Amaia Txintxurreta (Goiena), Pantxika Maitia (Kanaldude) eta Julen Iriondo (Infosare).

Gonbidatuen artean, AEK-ko Asier Amondo eta Mertxe Mugika, Julio Soto bertsolaria, Garesko alkate Oihan Mendo eta Kote Camacho zinemagilea egongo dira. Garesko hainbat euskaltzale eta lekukoa eramango dutenak ere pasatuko dira mikro aurretik. Garesen elkarlanean eta batera arituko dira baita ere zuzeneko irratsaio berean Euskadi Irratia, Arrosa sareko irratiak, Bizkaia Irratia eta Iparraldeko Euskal Irratiak —Amaia Artetxek eta Reyes Ilintxetak aurkeztuko dute, 16:30etik 17:30era—.

Korrikaren amaieran ere elkarlanean arituko dira euskarazko komunikabideak; Gasteizko emankizuna ETB2n ikusi ahalko da, ETB1en izan beharrean —hala izan zen duela bi urte ere—. Eta irrati saioan gidari lanak Alea FMk eta Euskadi Irratiak egingo dituzte.

Euskarazko hedabide bakoitzak, bestalde, bere eduki propioak landuko ditu. Esate baterako, Berria TBk Korriklika saioa egingo du aurreneko aldiz, Korrikako egunetan. Garikoitz Goikoetxea kazetariaren bideo iruzkina izango da abiapuntua, elkarrizketak eta erreportajeak tartekatuko dituzte, eta umorezko atal bat ere izango da ikusgai: Ramoni eta Lohitzune. Beatriz Egizabal eta Intza Alkain aktoreek egingo dute atal hori; batek kirolari prestatuaren rola jokatuko du, eta besteak, Korrikan aurreneko aldiz aterako den adineko emakumearen rola. Txakur Gorria kolektiboko artistek Mugarrika atala egingo dute; aurreko Korriketako gertaera bat hartu eta marrazki batera eramango dute, testu batekin batera. Korriklika saioan, hurrengo eguneko ibilbidea eta ordutegiak errepasatuko dituzte. Halaber, eguneko irudien errepasoa egingo dute bertso batzuk entzuten diren bitartean. Papereko edizioan, egunero bertsolari batek bertsoak jarriko dizkio Korrikari, eta bertsolari horrek saiorako ere kantatuko ditu. Berriaren webgunean atal berezitu bat izango du Korrikak. Bertan, une oro Korrika nola doan zuzenean ikusteko aukera egongo da —EITB.eus-en bitartez eta harekin elkarlanean—. Halaber, webgune berean infografia interaktibo bat egongo da, ibilbideko herriekin eta ordutegiekin. Argazki eta bideo bildumak, eta paperean argitaratutako artikuluak eta bertsoak ere eskura izango dituzte webgunera sartzen direnek.

ETB, Hamaika, Kanaldude...

Euskarazko telebista kateetan Korrika egunero ikusteko modua izango da. Hamaikan, 08:00etatik 19:00etara Korrikan aurrez grabatutako kilometro guztiak emitituko dituzte; 19:00etatik 19:30era, Kanaldudek egindako saio berezia emango dute: 19:30etik aurrera, Korrikaren zuzeneko seinalea ikusi ahalko da: 21:00etatik 22:00etara, saio berezia egingo dute Hamaikaren platotik; eta 22:00etatik aurrera, aurrez grabatutako kilometroak emango dituzte.

Kanaldudek 45 minutuko zuzeneko emankizuna eskainiko du egunero, 19:00etan, Korrika pasatzen den lekutik. Honako herrietan eta hirietan ibiliko dira: Lerga (Nafarroa), Uharte (Nafarroa), Angelu (Lapurdi), Lekunberri (Nafarroa), Bastida (Araba), Gorlitz (Bizkaia), Bakio (Bizkaia), Donostia eta Durango (Bizkaia).

ETB1ek Badator Korrika saioa egingo du egunero, ibilbidea bertatik bertara jarraitzeko asmoz —egunero, 21:15etik 21:45era—. Ilaski Serrano telebistako set mugikor batean egongo da gauero, une horretan Korrika pasatuko den eta heltzeko puntuan egongo den herrian. Eta Irati Sarasuak Korrikan parte hartzen duten zenbait pertsona elkarrizketatuko ditu egunero. Lasterketaren barnean bizi den giroa jasoko du Sarasuak, bide batez.

Gure kasa saioak bi emankizun berezi egingo ditu Korrikarekin lotuak: aurrenekoa ostegunean —Martxelo Otamendi, Xabier Saldias eta Gozategi taldea gonbidatuko dituzte—, eta bigarrena hilaren 11n, Bilboko ibilbideko pasarteak erakusteko. EITBren weguneak lasterketa emango du streaming bidez, eguneko 24 orduetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.