Sindikatuak

"Kapitalismoaren aurrean bizitza" aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean

Euskal Herriak erabaki. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi lelopean iragarri ditu LAB sindikatuak aurtengo maiatzaren 1eko mobilizazioak. Bi deialdi egingo dituzte: Baionan eta Iruñean.

jarraia164696.jpg
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko apirilaren 2a
07:15
Entzun

"Faxismoaren gorakada eta kapitalismoaren oldarraldia bizitzen ari garen unean dator aurtengo Maiatzaren Lehena". Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, langileen nazioarteko eguna testuinguru horretan dago. Kontra dauden bi errealitate nabaritu ditu sindikatuak. Alde batean kokatu dute kapitala; eta parez pare bizitza. Bigarrenean lerrokatzen dira langileak. "Euskal Herrian bizitzaren alde egitea erabaki dugu, kapitalaren aurrean", esan du Aranburuk. Justizia soziala eta feminismoa dituzte ardatz, hamaika eratan gorpuzten direnak. Hori dela eta, "langile errealitate ezberdinetatik abiatuta, langile klasearen indarra eta klase elkartasuna aldarrikatu" nahi dituela azaldu du LABek. Aurten, Iruñean eta Baionan egingo dituzte manifestazio nazionalak.

Kolorez jositako kartela eta irudia egin dute, aniztasunaren erakusleiho gisa. "Kolorea eman nahi diogu kapitalak marraztu nahi digun ortzimuga ilunari", azaldu du Maider Jauregi komunikazio idazkariak. Koloreek giza sektoreak ordezkatzen dituzte: pentsiodunak, mugimendu feminista, etxeko langileak, migratzaileak, gazteak. Bost errealitateetako langileak izan dira gaur sindikatuak egindako agerraldian. "Eraldaketa sozialerako ezinbesteko agenteak dira", dio Jauregik. Kolektibo guzti horien borrokak bere egiten dituela dio LABek eta Maiatzaren Lehenean presentzia eman nahi dietela.

Aldaketa guzti horien tresna gisa aurkezten dute "kontrabotere sindikalgintza", eta hainbat gako eman dituzte. Hiru ezaugarri zerrendatu ditu Aranburuk: "Borrokarako gaitasuna duen sindikalgintza, proposamen zehatzak egiten dituena eta autodeterminazioaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera garbia duen sindikalgintza". Proposamenetan soldata arrakala deuseztatzea, gutxieneko soldata 1.200 eurotan ezartzea edo lan astearen murrizketa aipatu ditu.

Helburu bikoitza ezarri dute langileen aurtengo egunean. "Langile kontzientzia indartu eta langile klasearen borrokari bultzada eman". Bide horretan Euskal Herriak erabaki. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi izango da aurtengo leloa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.