Trafiko istripuak

Txirrindulari bat eta motor gidari bat hil dira bi trafiko istriputan

Furgoneta batek txirrindulari bat harrapatu du Markina-Xemeinen (Bizkaia). Larri zaurituta eraman dute Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia), eta bertan zendu da. Motor gidaria Lasarte-Orian (Gipuzkoa) gertatu den istripu batean hil da, auto batekin izan duen talkaren ondorioz.

Markina-Xemeinen gaur goizean izan den istripuko irudia. @ANGELMARINTA
2019ko apirilaren 2a
21:48
Entzun

Lasarte-Orian, motor batek eta auto batek elkar jo dute. N-1 errepidean gertatu da ezbeharra, 17:00ak aldera. Istripuan, 65 urteko motor gidari bat hil da. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, Ertzaintza istripuaren zergatiak ikertzen ari da. Motorraren eta autoaren arteko talkaren ondorioz, beste motor batek istripua izan du toki berean, eta 21 eta 23 urteko bi bidaiariak arin zauritu dira.

Istripuak bi lerroak ixtera behartu du Donostiako noranzkoan. Trafikoa Lasarte-Oria herri barrutik bideratu dute, eta autoilara luzeak sortu dira. Errepidea 18:00ak aldera ireki dute.

Bestalde, Markina-Xemeinen, furgoneta batek txirrindulari bat harrapatu du, BI-633 errepidean. Txirrindularia larri zaurituta eraman dute Osakidetzako larrialdi zerbitzuek, helikopteroz, Gurutzetako ospitalera.

Istripuaren ondorioz, konorterik gabe gelditu da txirrindularia. Bizkaiko suhiltzaileen esanetan, bihotz-biriketako bizkortze ariketak egin dizkiote 25 minutuz, eta konstanteak berreskuratzea lortu dute. Azkenean, baina, ospitalean hil da.

BI-633 errepidea itxita egon da Markina-Xemein parean, 12:00ak ingurura arte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.