Hezkuntza

Bilerara agertu ez izana aurpegiratu diete sindikatuek Kristau Eskolari eta Jaurlaritzari

Lan Harrenamen Kontseiluan biltzeko gonbiteari ezezkoa eman zion atzo Kristau Eskolak. Egoera ikusita, Jaurlaritza bertara joateak zentzurik ez duela adierazi du gaur Josu Erkoreka gobernuko bozeramaileak.

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTko ordezkariak, gaur, Lan Harremanen Kontseiluan. LAB, @LABSINDIKATUA
2019ko apirilaren 2a
19:31
Entzun

Gizarte ekimeneko ikastetxeen sektoreko sindikatuek bilera batera deitu dituzte Kristau Eskola patronala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila, gaur arratsalderako, Jaurlaritzaren Lan Harreman Kontseiluaren egoitzan. Bertara joan dira ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak, baina ez dute inor aurkitu mahaiaren beste aldean. Ordurako, ezezkoa emana zien Kristau Eskolak.

Patronalak atzo erantzun zien sindikatuei bilera egitearen kontrakoa zela. Negoziatzen jarraitzeko beharrezko jo zuen greba deialdiak bertan behera uztea eta itunpeko eskolen "errealitatea onartzea". Kristau Eskolaren esanetan, bilerarako deialdia sindikatuek sortutako "maniobra bat" da "iritzi publikoa nahasteko".

Jaurlaritzak, bestalde, bilerara ez joateko erabakia aurreratu du gaur goizean. Josu Erkorekaren esanetan, gobernuaren parte hartzeak ez du zentzurik, Kristau Eskolaren ezezkoaren ostean. Erkorekak gaineratu du sindikatuek ez dutela erarik "eraginkorrenean eta errespetuzkoenean" luzatu bilerarako deia. Deia publikoki egin izana gaitzetsi du.

Sindikatuek, berriz, bilera egiteko borondaterik ez izatea leporatu diete Kristau Eskolari eta Jaurlaritzari. ELAren esanetan, "onartezina eta lotsagarria" da Kristau Eskolaren eta Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren jarrera. LABek era arduragabean jokatzea leporatu die.

Sindikatuek grebara deitu dituzte Kristau Eskolako eta IZEAko langileak, aste honetan, astelehenetik ostegunera bitartean. Asteko bigarren greba eguna egin dute gaur. Lan gatazka hasi zenetik, 20. greba eguna izan dute gaurkoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.