Mozal legea

Salaketa jarri zuen ertzainak aitortu du Hala Bediko kazetariak ez zuela "doloz" jokatu

Dozenaka lagunek babesa adierazi diote Mikel Saenz de Buruagari, epaiketa hasi aurretik.  

Mikel Saenz de Buruaga, epaitegietan sartu aurretik. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jon Rejado.
2019ko apirilaren 2a
07:19
Entzun

Mikel Saenz de Buruaga Hala Bedi irratiko kazetariak ez zuen Ertzaintzaren hesia apurtzeko asmorik izan. Hala uste du kazetariari nortasun agiria eskatu eta salaketa jarri zion ertzainak. Gaur izan da epaiketa; bertan, epaileak zuzenean galdetu dio ertzainari ea Saenz de Buruagak "doloz" jokatu ote zuen, ala jendetzak bultzatuta joan ote zen polizien gainera. Alegia, autoritateari desobeditzeko asmoa izan ote zuen. "Berak ez, baina harekin zeuden beste batzuek, bai", zehaztu du ertzainak. "Buruzagi baten gisara ikusten nuen; batzuekin hitz egiten zuen, besteekin...", gaineratu du, kazetariaren jokabidea gogora ekartzerakoan.

Gasteizko Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegian izan da saioa. Mikel Saenz de Buruagak Segurtasun Saila eraman du auzitara, 2017an jarritako 602 euroko isunaren aurka egiteko: batetik, haren abokatuak argudiatu du prozedura akatsek "babesgabetasuna" eragin diotela; bestetik, berretsi du berak ez duela egin zigortzeko moduko ekintzarik. Are, akusazioko abokatuak salatu du Saenz de Buruagari "informatzeko eskubidea urratu" ziotela. Bestalde, Segurtasun Saileko abokatuak prozedura akatsak ukatu eta delitua egon zela berretsi du.

Saenz de Buruagaren bertsioa berreste aldera, bi kazetari eraman ditu akusazioak: goiz horretan Hala Bediko irratsaioko koordinatzaile lanetan zen kazetaria, eta Errekaleorren harekin egon zen lankidea. Defentsak, berriz, bertan egondako bi ertzain aurkeztu ditu: kazetaria identifikatu zuena, eta salaketa berretsi zuena. Biek zilegitasuna kendu diote Hala Bediko langile txartelari. Halaber, lehen poliziak gogorarazi du ez ziola kazetariari nortasun agiria eskatu azken horrek identifikazio zenbakia eskatu zion arte.

Bigarren poliziak hausnartu du Saenz de Buruaga zegoen lekuan zeudenek bazekitela "zertan ari ziren". Gaineratu du ere beste kazetari batzuk ingurutik "aise" mugitu zirela. Egun hartan, ordea, kanpoko hesia gainditzea ukatu zieten Berria-ri eta gainontzeko hedabide gehienei. Hala Bedi-ko kazetariak han ziren Polizia heldu aurretik; horregatik lortu zuten bertan gelditzea.

"Gure lana egiteagatik"

Mikel Saenz de Buruagak gogora ekarri du gertatutakoa, epaiketan sartu aurretik: "Ertzaintzak jipoitu gintuen, identifikatu gintuen gure lana egiteagatik". Nabarmendu du, bestalde, jokoan dagoena ez dela isuna bakarrik, "baizik eta kazetariek lan egiteko duten eskubidea; hori irabaztera etorri gara".

Jendetza bildu da epaitegien aurrean, Hala Bediko kazetariari babesa emateko. Horien artean Iñaki Ruiz de Pinedo egon da, EH Bilduko Espainiako Kongresurako Arabako hautagaia. Mozal legea aldatzeko beharra berretsi du: "Isun administratiboen bidez populazioaren zati bat kontrolatu nahi dute, segurtasuna aitzakia gisa hartuta".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.