Aljeria

Buteflikak presidente kargua utzi du

Azken asteetan protesta ugari izan dira Aljeriako presidenteak dimititu zezala exijitzeko. Armadak presidentea inhabilitatzeko eskatu zuen joan den astean, osasun arrazoiak argudiatuta.

jarraia164703.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko apirilaren 2a
07:42
Entzun

Abdelaziz Buteflikak 82 urte ditu eta osasun egoera ahulean dago, 2013an burmuineko isuria izan zuenetik. Hurrengo hauteskundeetan berriz ere presidente hautatua izateko aurkeztuko zela iragarri bazuen ere, atzera egin zuen herritarren presioaren ondorioz. Apirilaren 28a baino lehen dimisioa emango zuela iragarri zuen. Dimisioa aurkeztu artean, baina, hainbat neurri hartuko zituela aurreratu zuen, trantsizio epean estatu mailako erakundeen funtzionamendua bermatzeko. Azkenean ezin izan du nahi zuen tartea agortu, eta herritarren nahiz armadaren presioak dimititzera behartu dute. Buteflika azken hogei urteetan izan da Aljeriako presidente.

Kalean protesta jendetsuak izan dira azken sei asteetan, Buteflikaren dimisioa exijitzeko. Joan den asteburuan, milioi bat manifestari bildu ziren Aljer hiriburuan. Manifestarien leloetan garapen bat gertatu denaren adierazgarri izan zen: Buteflika presidentea baino gehiago, aginteko FLN Nazio Askapenerako Frontea eta "erregimena" aipatu baitzituzten.

Armadak joan den astean babesa kendu zion Buteflikari. Konstituzioaren 102. artukula ezarri eta presidentea inhabilitatzeko eskatu zuen armadako buruak. Baina manifestariek asteburuko mobilizazioetan zalantzan jarri zuten armadaren jarrera, eta sistema politikoaren erreforma sakona eskatu zuten.

Presidenteak bere dimisioaren berri eman dio gaur Kontseilu Konstituzionaleko presidenteari. Ordu batzuk lehenago, Ahmed Gaid Salah Estatu Nagusiko buruak irtenbide "konstituzionala" berehala ezartzera deitu du, herrialdeak bizi duen krisi politikoa gainditzeko. Alegia, Buteflikaren berehalako dimisioa eskatu du, eta hark aintzat hartu du armadaren eskaria.

Buteflika 1999tik dago presidentetzan. Herrialdeak independentzia eskuratu zuenetik agintean egon den erregimen militarraren ordezkaria izan da. Askapen Nazionalerako Frontea 1962an iritsi zen boterera.

Martxoaren 11n iragarri zuen presidenteak ez zela hauteskundeetara aurkeztuko, eta apirilaren 18an egitekoak ziren hauteskundeak atzeratuko zituela, erreforma politiko bat egiteko konferentzia nazional "independente eta inklusibo" batera deitzeko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.