Korsika

Urtebeteren ostean, etenda dago Korsikaren eta Frantziaren arteko elkarrizketa

Macron Korsikan izango da bihar, hango alkate batzuekin batzartzeko; Simeoni eta Talamoni ez dira hitzordu horretan egongo. Erantzun gisa, agintariek geldialdirako deia egin dute bihar arratsalderako: ‘Isula Morta’ (Hildako Irla).

Simeoni eta Macron, iaz, Ajaccion. EFE
ander perez zala
2019ko apirilaren 3a
23:07
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Korsikara itzuliko da bihar, hango auzapez batzuekin hitz egiteko; hitzordu horretan, ordea, ez dira izango Gilles Simeoni Korsikako presidentea eta Jean-Guy Talamoni Korsikako Legebiltzarreko presidentea. Bi agintariek agerraldia egin dute gaur, eta Macroni gonbit bat helarazi diote: bihar goizean Korsikako Legebiltzarrera joatea. Eliseoak, baina, ezezkoa erantzun dio proposamenari.

Frantziako presidentea duela urtebete izan zen Ajaccio hiriburuan, Claude Erignac prefetaren hilketaren 20. urteurrenean. Bidai hori baliatu zuen Simeonirekin eta Talamonirekin batzartzeko, eta haien aldarrikapen historikoak entzuteko: autonomia estatusa, preso politikoen amnistia, korsikeraren koofizialtasuna eta egoiliar estatusa. Hizketa horiek, baina, ez zuten arrakastarik izan, eta Macronek ezezkoa eman zien ia aldarrikapen guztiei; 'Korsika' hitza konstituzioan sartzearen alde agertu zen soilik.

Harrez geroztik, ez da ia aurrerapausorik izan bi aldeen arteko negoziazioetan. Horregatik, Simeonik “galduriko beste aukeratzat” jo du Frantziako presidentearen biharko bidaia, ez delako haiekin elkartuko; Corse-Matin egunkariari emandako elkarrizketan, Macronek adierazi zuen harentzat “elkarrizketaren hariak” ez direla inoiz hautsi.

Egoera horren aurrean, Isula Morta (Hildako Irla) geldialdia antolatu dute, biharko arratsalderako. Korsikako Langileen Sindikatua (STC) indartsua ere batu da mobilizaziora: "Helburua ez da paralizatzea paralizatzeagatik. Erakutsi nahi dugu haren bidaia ezin dela izan izango den modukoa. Milaka dira ados ez dauden pertsonak", adierazi zuen atzo STCren idazkari nazional Jean Brignolek. Portuetan, aireportuetan eta unibertsitatean protestak espero dituzte mobilizazioaren ondorioz.

Biharko egunari begira, hainbat polizia bidali dituzte irlara, Frantziako presidentearen segurtasuna areagotzeko. Martxoaren 29an bi lehergailu lehertu zituzten Sagone eta Casinca herrieta, eta iragan astelehenean lehergailu bat aurkitu zuten Bastia hirian, finantza publikoen eraikinaren aurren.

2014an hasitako prozesua

Gilles Simeoni 2014an Bastiako alkate hautatu zutenetik —botoen %55,4 lortu zituen—, gora besterik ez du egin mugimendu nazionalistak. Garaipen horren ostean utzi zituen armak Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak (FLNC), eta erabakiak are gehiago bultzatu zuen nazionalisten olatua. Estrategia berri horrekin, 2015eko Korsikako hauteskundeetan irauli zuten paisaia politikoa lehenengoz nazionalistek: abenduaren 13an, eta XVIII. mendeaz geroztik aurrenekoz, nazionalistaz osaturiko gobernu bat igo zen boterera, bozen bigarren itzulian autonomistak eta independentistak elkartu ostean. Simeoni autonomista hautatu zuten presidente, eta Talamoni independentista legebiltzarreko presidente.

Nazionalisten onarpena hasi besterik ez zen egin 2015eko abenduan. Hurrengo bozetan, 2017ko ekainean, lautik hiru diputatu lortu zituen nazionalisten koalizioak, Pe a Corsicak, Frantziako Asanblea Nazionaleko hauteskundeetan, eta, horrekin batera, Parisi mezu argi bat bidali zioten: mugimendua zabaltzen ari zela Korsikan, eta emaitzak kontuan hartzeko modukoak direla.

Sei hilabeteren ostean, herritarrak berriz deitu zituzten bozkatzera, 2017ko abenduan, lurralde kolektibitate berriko legebiltzarra hautatzeko. Pe a Corsicaren helburua, argia: orain arteko joerari eustea, eta ahalik eta indar gehien lortzea. Emaitza sekulakoa izan zen: gehiengo osoa lortu zuten, 63 diputatutik 41, eta inoizko boto eta eserleku gehienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.