Aljeria

Buteflikak barkamena eskatu du eskutitz batean

Aljeriako Kontseilu Konstituzionalak presidentearen dimisioa onartu du, eta Abdelkader Bensalah Senatuko liderra izendatu du estatuburu. 90 eguneko epea dute hauteskundeetara deitzeko.

Aljeriako gobernuaren kontrako manifestazio bat, atzo, Arjelen. MOHAMED MESSARA, EFE
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 3a
19:23
Entzun

Abdelaziz Buteflika atzora arte Aljeriako presidente zenak herritarrei zuzendu dien eskutitz batean barkamena eskatu du. "Barkamena eskatzen dizuet zuen aurka egin ahal izan ditudan akats guztiengatik, izan horiek solas bat edo ekintza bat, gizakia naiezenez ez nagoelako akatsetatik salbu", idatzi du APS agentziak argitaratu duen oharrean. Bi hamarkada egin ditu agintean, eta kargua utzi du haren aurkako protesta handien ondorioz.

Buteflikak dimisioa eman eta biharamunean jarri da martxan aldaketa politikorako prozesu burokratikoa. Kontseilu Konstituzionalak Bensalah izendatu du behin-behineko presidente, eta haren egitekoa trantsizioa gidatzea izanen da soilik, ezinen baitu hauteskundeetara aurkeztu. Behin-behineko gobernuko buruzagia, berriz, Nuredin Bedaui izanen da, orain arte Barne ministro zena. 

Buteflikaren aurkako protesta handiak joan den otsailaren 22an hasi ziren, presidentetzarako hauteskundeetara bortzgarren aldiz aurkeztuko zela jakinarazi eta bi astetara. Protestak etengabe handitu ahala, Buteflikak pixkanaka amore eman du: martxoaren 3an erran zuen hauteskundeak irabaziz gero azken agintaldia beteko zuela; martxoaren 11n, berriz, uko egin zion berriro aurkezteari, baina hauteskundeak datarik gabe gibelatu zituen —apirilaren 18an egitekoak ziren—; herenegun, jakinarazi zuen hil honen 28an utziko zuela kargua, hau da, hauteskundeak berezko datan egin ondoren agintaldiak bukatu behar zuen egunean. 24 orduz iraun zion botereari eusteko azken ahalegin horrek.

Estatu aparatuek trantsizioa hasi badute ere, karrikak nola erantzunen dago ikusteko, joan den ortziraleko manifestazioetan, orain arteko handienetan, Buteflikaren aurka baino gehiago, sistema politiko osoaren aurka protesta egin baitzuten manifestariek. Etzirako manifestazio gehiago antolatu dituzte, eta hilaren 10erako greba orokorrera deitu dute hamabi sindikatuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.