Espainia

Sanchezen gobernuaren sei dekretu ekonomiko onartu ditu Kongresuak

Kongresuko Diputazio Iraunkorrak onartu ditu sei neurriak, besteak beste, EAJren eta EH Bilduren babesarekin. Babesa lortu duten dekretuen artean da etxebizitza alokairurako "larrialdi neurriak" jasotzen dituena.

Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorraren eztabaida, gaur. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
2019ko apirilaren 3a
07:26
Entzun

Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrak Pedro Sanchezen gobernuaren sei dekretu ekonomiko onartu ditu, gaur. Apirilaren 28ko bozak direla-eta Espainiako Kongresua deseginda dagoenez, organo horrek eztabaidatu ditu Espainiako Gobernuaren proposamenak. Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioa bultzatu zuen gehiengoaren babesa izan du Sanchezek neurriak onartzeko. Hala, diputazioak bide eman dio etxebizitza arlorako "larrialdi neurriak" jasotzen dituen dekretuari, 52 urtetik gorako denbora luzeko langabeentzako subsidioa berreskuratzeko dekretuari, brexit-ari lotutakoari, gizonezkoen eta emakumezkoen lan aukera berdintasuna bermatzekoari —aitatasun baimena zortzi astera luzatuko du—, enpresek lanaldia erregistratzeko derrigortasuna jasotzen duen dekretuari, zamaketariei lotutakoari eta autonomia erkidegoen eta udalen superabitari buruzkoari.

Etxebizitza alokairuaren dekretuak jaso du babes gutxien, zamaketarien dekretuarekin batera. Aldeko 33 boto jaso ditu, eta kontrako 31. EAJk ez du argitu azken unera arte hura babestuko zuen ala ez, baina azkenean neurriaren alde bozkatu du EH Bilduk, Unidas Podemosek, ERCk, PDeCATek eta Compromisek egin bezala. Dekretuaren kontra agertu dira PP eta Ciudadanos, eta UPN abstenitu egin da.

Dekretuak handitu egin du alokairuaren derrigorrezko luzapena. Bost urtekoa izango da ohiko alokairuetan, eta zazpi urtekoa alokatzailea pertsona juridiko bat denean. Horrez gain, alokairuaren luzapen tazitua urte batetik hirura handitzea erabaki du Diputazio Iraunkorrak. Dekretuak aurreikusten du alokairuaren erreferentziazko prezio bat ezartzeko indize bat sortzea. Zortzi hilabeteko epea izango du horretarako.

EAJk bere Twitterreko kontuaren bidez azaldu du Espainiako Gobernuak aurkeztu dituen sei dekretuak babestea erabaki duela "orokorrean" positiboak direlako, "arduraz" jokatzearen alde egin duelako eta Gernikako estatutuan jasota dauden eta oraindik Eusko Jaurlaritzari eskualdatu gabe dauden eskumenei dagokienez gobernuaren aldetik "azkartze eta konpromiso sintomak" nabaritu dituelako. Epe laburrean "sintoma" horiek "neurri zehatzetan" islatzea espero du EAJk.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak atzo adierazi zuenez, azken egunetan areagotu egin dira Espainiako Gobernuarekin dituen harremanak, transferitzeke dauden eskumenei buruz hitz egiteko. Aitor Esteban EAJko diputatuak ere aitortu du Espainiako Gobernuko "jende askorekin" hitz egin duela azken orduetan, dekretuen bozketaren aurretik.

EH Bilduk atzo jakinarazi zuen Madrilek proposatutako dekretuak babestuko zituela gaurko bozketetan. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak koalizioaren botoek Espainiako Kongresuan duten balioaz ohartarazi zuen. "EH Bildu eta ezker independentista erabakigarriak direnean, jendearen bizi baldintzak hobetzen dira eta bloke atzerakoia geldiarazten da".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.