Eibar 2 - 1 Rayo

Maila eusteko helburua gertuago du Eibarrek

Rayoren aurkako partidaren emaitza irauli egin du, eta 2-1 irabazi du azkenean. Pedro Leonek lortu du garaipenaren gola.

Charles, gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Aitor Manterola Garate.
2019ko apirilaren 3a
07:38
Entzun

Justizia poetikoa gertatu da gaur Ipuruan. Eibarrek ia eskura dauka mailari eusteko saria, eta ezin du inork esan merezia ez denik. Analisiak ondo zehaztuz gero, eta begia taldeak azken hilabetera arte egin duen jokoan jartzen bada, lehenxeago heldu behar zuen helmugara, baina atzo arte ez da iritsi marraren gainera. Zeharkatzea falta zaio orain, baina ez du lan zaila ematen, zortzi partida izango dituelako horretarako.

Gaur bezalako hasiera egiten badu partida horietan, azkar gaindituko du 40 puntuen muga, oso ondo ekin diolako partidari, bizi eta azkar jokatuz, eta Rayo preso eduki du areatik gertu. Partidaren garrantziari neurri bereko grinarekin erantzun diote etxekoek, eta lehen bost minutuetan bi jaurtiketa egin dituzte: Peñarena gora joan da, eta Cardonarena Dimitrievskik geratu du. 11. minutuan Ruben Peña saiatu da berriz, eta lehengo lekutik joan zaio erdiraketa itxurako jaurtiketa.

Ondo aritu da minutu horietan Eibar, Rayoren ezker hegaleko ahultasuna baliatzen, beste aldetik baloia bertara eramanez. Rayori presio ona egin dio baloia azkar berreskuratzeko, eta etxekoek lortu dute kanpotarrek itxura eskasa izatea. Baina ordu laurdenetik aurrera, Jose Luis Mendilibarren jokalarien grina eta sua itzaltzen joan dira, baloia galdutakoan presioa ez zen hain eraginkorra, eta Rayok hiru kontraeraso kateatu ditu, zein baino zein arriskutsuagoak. Beberen jaurtiketa kornerrera urrundu du Dmitrovicek 22. minutuan, De Tomasek kanpora bota du baloia minutu berean, eta beste horrenbeste egin du sei minutu geroago.

Aldatu egin da partida, eta Eibar ez da eroso ibili hortik aurrera. Antzeman da argitasun eta kalitate falta erasoko jokoan, eta horren adierazle da 32. minutura arte ez duela beste jaurtiketarik egin, Orellanak kanpora bota duena. Jokoa ez ezik, emaitza ere aldatu da, 41. minutuan Pozok dotore amaitu duelako Rayoren jokaldi on bat. Aurreko jokaldian, Kikek egin ez duena egiten asmatu du, eta gola sartu. Eibarreko aurrelariak Dimitrievskiren oinetara bota du atetik oso gertu zela Ba, atzelariaren oparia jaso duenean. 1-0ekoa behar zuenetik 0-1ekora igaro da emaitza.

Kezka zabaldu da Ipuruan emaitza txar horrekin, eta Mendilibarrek, gauzak zuzentze aldera, Pedro Leon eta Jordan atera ditu bigarren zatian, Kike eta Sergio Alvarezen ordez. Jokoan ez da hobekuntza handirik izan, baina pixka bat horrekin lortu du jokoan nagusitzea, eta golak ere heldu dira azkenean.

Charlesek berdindu du partida, 64. minutuan, buruz, eta justizia poetikoarena berriz gertatu da, Pedro Leonek sartu duelako garaipenaren gola. Berragertu berri da, hamar hilabetez lesioz lesio ibili eta gero. Merezi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.