Finalistak konforme azaldu dira pilotekin

Irribarria-Zabaleta eta Elezkano II-Rezusta konforme azaldu dira igandeko binakako finalerako materialarekin. Jotzearekin bakarrik ez dela nahikoa izango azpimarratu dute lehenek, eta "ausart" jokatzeko asmoa dute bigarrenek.

Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko apirilaren 4a
18:51
Entzun

Antzekoak, baina ez berdinak. Pilota "normalak" direla esan du Jose Javier Zabaletak. Eta, berak emandako adjektiboari jarraitu diote gainerakoek, ñabardurak ñabardura. Jokatzeko pilota “onak” direla gehitu du Iker Irribarria bikotekideak. Konforme azaldu dira oro har lau jokalariak aukeraturiko materialarekin. Eurenak, zein besteenak. "Konforme gaude. Eurenak igual pixka bat gehiago ibiltzen dira eta gureetako bat azkartxoago dabil azpitik”. Beñat Rezustak bereizketa txikia egin du. Zenbakitan, Irribarria-Zabaletarenak zertxobait pisutsuagoak dira: 106,7, 106,4 eta 105,5 gramokoak. Elezkano II.a-Rezustak 105,1,104,9 eta 105,6 gramokoen aldeko hautua egin dute. Horrela geratu da erabakita igandean Bizkaia frontoian jokatuko duten finalean hara hona ibiliko diren sei pilotak.

Pilotak tentuz aukeratu dituzte batzuek zein besteek, baina gakoa ez omen da hor egongo. Jokoaz mintzo da Zabaleta. “Jotzearekin bakarrik ez da nahikoa izango. Atzean jo eta aurrean errematatu behar dugu, bi gauzak”. Gauza jakina da “jotzaile” bikotea osatzen dutela Zabaleta-Irribarriak. Horren aurrean, ez dira kikilduta agertu Elezkano II.-Rezusta, ordea. “Partidu bat defentsan irabazterik ez dago. Ausart jokatu behar dugu, eta gure aukerak ondo aprobetxatu”, dio Elezkano II.ak.

Faboritoak, kanpotik ikusita

Kanpokoen ahotan, Irribarria-Zabaleta dira finala irabazteko hautagaiak. Horren aurrean zalantzati agertu da bikotea. “Hori ari gara entzuten baina nik final batean ez dut faboritorik ikusten”, azaldu du Zabaletak. Irribarriak ere aldamenetik antzeko sentsazioa plazaratu du. “Finala egun bat da. Faborito izan zein ez, ordu beteko kontua da finala, momentukoa”. Aurkariek, berriz, jakin badakite bikote indartsua dutela aurrean. Ulerkor agertu da Rezusta: “ Oso txapelketa txukuna egin dute, bereziki finalaurrekoetakoetan. Gero hori frontoian erakutsi behar da baina aurrez normala da eurak faborito gisa agertzea”.

Sasoi onean

Zailtasunak zailtasun gogotsu eta osasuntsu daude lau jokalariak iganderako. “Aurreko urtean eskuekin justu xamar heldu nintzen, minduta. Aurten ez dut inolako arazorik”, aipatu du Rezustak. Eta gorputza nola, buru osasunaz ere mintzo dira. “Ilusionatuta, baina lasai” dagoela dio Irribarriak eta “ongi entrenatu dutela eta bikote gisa ondo elkar ulertzen” ari direla gehitu du haren kideak. Igandean argituko da misterioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.