ELA-ren ezohiko biltzarra

Ia aho batez hautatu dute Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusi

Ordezkarien %95ek babestu dute hautagaitza. Txiki Muñozen lekua hartuta, Lakuntza izango da ELAko idazkari nagusi. Ezohiko batzarra egin dute sindikatuko 750 kide inguruk Donostiako Kursaalean.

Mitxel Lakuntzak hartu du Txiki Muñozen lekukoa ELAko idazkaritza nagusian. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko apirilaren 5a
09:42
Entzun

Erreleboa emateko eguna du gaur ELAk. Hamar urte pasatxoren ondoren, Adolfo Muñoz Txiki-k (Mañueta, Araba, 1959) Mitxel Lakuntzari (Iruñea, 1976) pasatu dio idazkari nagusi kargua, Donostiako Kursaalen egindako ezohiko nazio batzarrean. 750 kide inguru dira batzarrean, eta 668k eman dute Lakuntzaren hautagaitzaren aldeko botoa —%95ek—; 27k aurkakoa, eta 8k zuria. Idazkari nagusiarekin batera, Batzorde Eragilea berritu dute sindikatuko kideek. Bozketa baino lehen, sindikatuaren historia eta etorkizuna defendatu ditu Muñozek militanteen aurrean egindako azken hitzaldian.

Mitxel Lakuntza ELA-Nafarroako koordinatzailea da 2004az geroztik, eta Batzorde Eragileko kidea, beraz, urte horietan guztietan. Elektronika-teknikaria da, eta ELAko afiliatua 1999. urtetik; Gamesako langilea zen urrats hori egin zuenean. Enpresa horretan ordezkaria izan zen, eta sindikatuaren egituran 2001. urtean sartu zen, hainbat federazioren arduradun bezala.

Automiaren garrantzia nabarmentzen hasi da Lakuntza batzarreko hitzaldian, zorretan ez egoteak independentzia ematen duelako diskurtso propioa edukitzeko. "Pertsonen arteko borrokak nahi ditu kapitalismoak; guk, bertikalak, elitearen aurkakoak". Klase borrokak beste dimentsio bat hartzen ari dela dio, eta sindikalismoak "aterpe ideologikoa" izan behar duela.

LABi ere helarazi dio mezua: "Grebetan batera joan behar dugu eta autonomiarekin beti". Aliantzaren aukera nola dagoen jakiteko grebei begiratu beharko dela aurreratu du, "baina gauzak ez daude ondo LABekin", esan du argi. Gainerako eragileei ere garbi mintzatu zaie: "Kongresu honetan ez da haririk etengo. Kontraboterean jarraituko dugu, jendea antolatzen, grebak egiten".

Muñozen agurra: "Erreleboa gauzatu da"

"Sindikatuan ikusten dudanean gazte jendea eta emakume asko, nire buruari esaten diot erreleboa gauzatu dela", esan du Muñozek azken hitzetan, Amaia Muñoaren eskutik aginte makila jaso ondoren. Haren arabera, jende askok du gaur egun sindikatuaren beharra: "Ez diegu kale egingo". Neoliberalismoa "aseezina eta suntsitzailea" dela ohartarazi du idazkari nagusi ohiak: "Proiektu neoliberalak identitate politiko, sozial, sindikal, kultural eta nazionalak txikitzen ditu... Horregatik, behar bezala aurre egiteko, gure nortasuna landu eta geure klase-kultura elikatu behar dugu".

Indar betean lelopean egin dute gaurko biltzarra. ELA indartsu badago, duela 40 urte "erabaki politiko bat" hartu zelako izan dela nabarmendu du Muñozek: "Klaseko sindikatu abertzale bat egitea. Obsesio batekin: antolakuntzari lehentasuna ematea". Hausnarketa horri "bete-betean" eusten diotela azaldu du, "baliagarri izateko euskal langile klasearentzat eta gure herriaren subiranotasunarentzat".

Bidean hainbat gauza "ondo" egin dituztela aipatu du sindikalista arabarrak: barne kohesioa zaintzea, errealitatea "bere horretan" azaltzea, militanteei perspektiba ematea, eta aliantza sindikal eta sozialak indartzea. "Batzuetan asmatu dugu eta beste batzuetan ez", esan du, azken puntu horren inguruan. "Zein da ELAren bekatua?", erantsi du: "Aldatu ez izana. Oraingo gobernuak neoliberalagoak eta autoritarioagoak dira".

Oharra ere egin die presente dauden alderdietako ordezkariei: "Ez dugu onartuko sindikalismoa ahultzea". Sindikalismorik gabe, neoliberalismoa nagusitzen dela ohartarazi du: "Disziplinatuak nahi gaituzte. Guri bost haien erasoak". Amaitzeko, eskerrak eman dizkie adiskideei, ELAko militanteei eta "esparru alternatiboetakoei", ELAko emakumeei, "gogoeta egitera derrigortzen gaituzten guztiei" eta Batzorde Eragileko kideei. Altsasuko gazteak, Kataluniako presoak eta euskal presoak ere gogoratu ditu.

Idazkari nagusia ez ezik, Batzorde Eragileko gainerako karguak ere bozketara eraman dituzte: Mitxel Lakuntza, Amaia Muñoa (idazkari nagusi albokoa), Amaia Aierbe, Xabi Anza, Maialen Aranburu, Iván Giménez, Laura Gonzalez de Txabarri, Peio Igeregi, Mikel Noval, Leire Txakartegi, Eustakio Uranga eta Joseba Villarreal.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.