Futbola

Itxura ona eman arren, Eibarrek 2-1 galdu du Bernabeun

Marc Cardonak aurreratu du Mendilibarren taldea, baina Benzemak bi gol sartu ditu buruz, eta buelta eman dio norgehiagokari.

ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 6a
18:53
Entzun

Ez da posible izan. Eibar esku hutsik itzuli da Madrildik. 2-1 galdu du Santiago Bernabeun, Real Madrilen aurka. Jose Luis Mendilibarren taldeak oso itxura ona eman du, batez ere lehen zatian. Minutuak aurrera joan ahala nagusi izan da jokoan. Enrich gutxigatik ez da iritsi Cucurellak egindako erdiraketa batera. Baina atsedenaldirako sei minutu falta zirenean, Marc Cardonak ez du huts egin. Aurrelariak ederki baliatu du Escalantek Regilonen bizkarrera sartutako pasea (39. min)

0-1ekoarekin amaitu da lehen zatia. Bigarrenean Real Madril esnatu egin da, eta jokoaren ekimena hartzen ahalegindu da lehen minututik, Asensiok gidatuta. Eibarrek ondo eutsi dio defentsan hasiera horretan, baina Ramisek min hartu du. Mendilibarrek Orellana zelairatu du, eta Sergio Alvarez atzeratu du. Hortik aurrera sendotasuna galdu du defentsan, eta Benzemak ederki aprobetxatu du. Marco Asensiok erdiraketa bat egin du eskuinetik, eta buruz banakoa sartu du (59. min).

Eibar berdinketa mantentzen ahalegindu da, baina pixkanaka urrats bat egin du atzera. Aukera garbirik sortu ez arren, Real Madril erosoago aritu da, eta baloiaren jabetzak lasaitasuna eman dio. Etxekoen ahaleginak saria izan du Eibarren zoritxarrerako. Oraingo honetan geldikako jokaldi batean, partida amaitzeko hamar minutu falta zirenean. Krossek korner bat atera du, eta berriro ere buruz Benzemak Dimitrovicen atea zulatu du. Frantziako aurrelaria hirugarrena egitear egon da, baina baloia zutoinera bidali du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.