Erakundeak

Eduardo Zubiaurre proposatuko du Adegik Confebaskeko presidente gisa

Gipuzkoako patronalari dagokio Confebasken hurrengo presidenterako hautagaia proposatzea, eta, beraz, ez da oztoporik espero Roberto Larrañagaren lekukoa Zubiaurrek har dezan.

Eduardo Zubiaurre (zutik), 2012. urtean. JAUN CARLOSRUIZ / FOKU
xabier martin
2019ko apirilaren 9a
13:21
Entzun

Adegik etxe-etxeko gizona hautatu du Confebaskeko presidente izateko. Eduardo Zubiaurre Adegiko presidente izan zen 2006. eta 2012. urteen artean, eta orain, berriz, Gipuzkoako Adegi elkarteko, Bizkaiko Cebek konfederazioko eta Arabako SEA elkarteko enpresaburuen osatzen duten patronaleko buru nahi du.

Confebaskeko egungo presidente Roberto Larrañagak aurtengo udan amaituko du agintaldia, lau urtean aritu eta gero. Hark Miguel Angel Lujuaren lekukoa hartu zuen SEAk proposatu ondoren. Cebekek ez zuen gogo onez hartu Arabako eraikuntzako enpresariaren hautagaitza, baina, oro har,  agintaldi lasaia izan du Larrañagak, eta lurraldeetako patronalen artean harreman onak landu ditu.

Eibartik Eibarrera

Orain, berriz, Adegiren hautagaiaren txanda helduko da. Larrañaga gipuzkoarra da, Eibarkoa, nahiz eta ibilbide profesionala Araban egin duen, eta beste gipuzkoar batek hartuko du Confebaskeko buruzagitza. Eduardo Zubiaurre Ariznabarreta Eibarkoa baita, era berean, 1962an jaioa. Jaz Zubiaurre SA enpresako arduradun nagusia da. 1924an abiarazi zuen enpresa hori Domingo Zubiaurrek, eta haren gidaritza hartu zuen Eduardo Zubiaurrek orain hamarkada batzuk.

Adegiren barruan, hainbat kargu berritzeko ekinaldia izan zuen, eta, horren ondorioz, Jose Maria Ruiz Urtxegi idazkari nagusia kargugabetu zuen 2008an, 25 urte karguan egin ondoren. Urte horretan, Adegiko presidente gisa bizi izan zituen Atzeraldi Handia izango zen krisiaren lehen zartadak, baita Inaxio Uria enpresariaren hilketa ere ETAren atentatu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.