Artea

Atzera begirakoarekin abiatuko da Txillida Leku

Hilaren 17an irekiko ditu ateak museoak, eta eskultorearen ibilbidea jasotzen duen Eduardo Txillida. Oihartzunak erakusketa izango du ikusgai Zabalaga baserrian.

Museoaren kanpoaldean 43 obra ipini dituzte, eta 90etik gora Zabalaga baserrian atondutako erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko apirilaren 9a
07:08
Entzun

Zenbait eguneratze lan eginda, baina sortu zeneko asmo eta itxurari eutsita abiatuko du Txillida Lekuk aro berria. Hala azpimarratu dute gaur goizean egindako aurkezpenean Mireia Massague museoko zuzendariak eta eskultorearen seme Luis eta Ignacio Txillidak. "Asmoa beti izan da Eduardo Txillidaren unibertsoaren zentroa hau izatea, eta hala jarraituko du", adierazi du Massaguek.

Luis Laplace arkitektoak zuzendu ditu eguneratze lanak, batik bat, bisitariarentzako zerbitzua hobetzean oinarritu direnak. Besteak beste, eraikinaren argiztapena, isolamendua, irisgarritasuna eta teknologiaren zerbitzua hobetu dituzte. "XXI. mendera egokitu gara", nabarmendu du museoko zuzendariak, "beti Txillidak eta bere emazte Pilar Belzuncek utzitako ondarea errespetatuta". Berrikuntzen artean, instalazio berriak ere jarri dituzte martxan: bisitarientzako harrera zentroa, Lurra kafetegia eta denda.

Massagueren hitzetan, Txillidaren nahia "jendeak bere obren artetik baso batean bezala paseatzea" zen. Hartara, Zabalegi baserrian bai baina kanpoko larrean ere zabaldu zituen lanak. Denera 43 eskultura jarri dituzte kanpoaldean, eta batzuk lehen aldiz izango dira Txillida Lekun: BBVAk maileguan utzi duen Burdinari gorazarrea III eta munduko hainbat galerietan izan den Argiari gorazarrea, horien artean.

Museoaren ardatza den Zabalaga baserrian eskultorearen atzera begirako bat prestatu dute irekierarako: Eduardo Txillida. Oihartzunak. 90 piezatik gora biltzen ditu, tartean, beste museo eta bildumagileek maileguan utzi dituztenak eta horiek ere estreinakoz erakutsiko direnak Hernanin (Gipuzkoa). Modu kronologikoan antolatu dute erakusketa, ibilbide bat proposatuz 1940ko hamarkada amaieran Parisen hasitako piezetatik, 2000. urtean burdina bere lanaren ardatz bihurtu zen arte. Eskulturen ondoan, artxiboko material ugari ere jarri dute ikusgai.

2000. urtean ireki zuten Txillida Leku, eta hamar urtez egon zen zabalik, 2010eko abenduaren 31an itxi zuten arte, galera handiegiak tarteko. Itxita egon den denbora honetan, hainbat saiakera izan dira museoa berriz irekitzeko. Azkenean, 2017ko abenduan Suitzako Hauser & Wirth galeriarekin lortu zuen akordioa familiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.