Israel

Gantzen koalizioak Netanyahu garaitu duela iragarri dute zundaketek

Benjamin Netanyahu lehen ministroaren alderdiari gailenduko zaiola aurreratu dute inkestek. Aldeak daude inkesta batetik bestera. Batzuek sei eserlekuko aldea iragarri diote; eserleku bakarrekoa beste batzuk, eta berdinketa iragarri duenik ere bada. Bihar jakingo dira emaitza ofizialak.

Beni Gantz Zuri eta Urdin koalizioko burua, gaur, Israelgo Parlamenturako hauteskundeetan bozkatzen. JIM HOLLANDER, EFE
ander perez zala
2019ko apirilaren 9a
10:34
Entzun

Benny Gantz Israelgo armadaren buru ohiaren Urdina eta Zuria koalizioa litzateke indar politikorik bozkatuena, hauteslekuetan egindako zundaketen arabera. Parlamentua berritzeko hauteskundeak egin dituzte Israelen, eta 120 eserlekuetatik 33 eta 37 artean lortuko lituzke Gantzek, emaitza horien arabera; Benjamin Netanyahu egungo lehen ministroaren Likud alderdia izango luke atzetik, 27 eta 36 arteko diputatu kopuruarekin —30 ditu egun—. Beste inkesta batzuek, aldiz, berdinketa iragarri dute indar horien artean.

Emaitza ofizialak bihar jakinaraziko dituzte, baina gaueko estimazioek agerian utzi dute kanpainan aurreikusitakoa: zaila izango dela gobernagarritasuna bermatzea, eta Gantzek zein Netanyahuk beste alderdi batzuen babesa beharko dutela boterea eskuratzeko. Parte hartzeari buruzko daturik eman ez duten arren, espero da zenbaki hori txikia izatea, ideia hori zabaldu baitzen atzo. Netanyahuk, esaterako, honako hau adierazi zuen atzo arratsaldean: "Atera uretatik, bozkatu nire alde".

Gantzek garaipena ospatu du dagoeneko bere Twitter kontuan. "Irabazi dugu. Israelgo herriak hitz egin du. Mila esker milaka ekintzaileri eta milioi bat baino gehiago bozkatzaileri. Hauteskunde hauetan garaile argi bat dago, eta galtzaile nabarmen bat. Bibik 40 eserleku lortuko zituela hitz eman zuen eta porrot egin du".

Inkestek Gantz garaile jotzen badute ere, aukera gehiago ematen diote eskuineko indarrek osatutako balizko gobernu bati, zentroko eta ezkerreko alderdiek osatutako bati baino. Izan ere, zundaketen arabera, eskuineko blokeak 60 eta 66 eserleku artean lortuko lituzke, eta 56 eta 60 artean eskuratuko lituzke ezkerreko blokeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.