Alderdiak

PSNren proposamena: apustuetako dirua kirolariei laguntzeko

Apustu mendekotasuna duten gazteei buruz galdetuta, Txibitek erantzun du "kezkatuta" daudela, eta haien gaineko zergaren bidez bildutako dirua kirolarientzako baliabideak lortzeko erabiliko dutela, agintera helduz gero.

jarraia165032.jpg
2019ko apirilaren 10a
10:44
Entzun

Radio Marca irratiak antolatutako gosari batean izan da aste honetan Maria Txibite, PSNren Nafarroako presidentetzarako hautagaia. Eztabaidan, besteak beste, sozialistek kirol arloan dituzten asmoei buruz aritu dira, eta, horrekin lotuta, baita apustu etxeen gorakadaren eta horiek sortutako mendekotasunaren inguruan ere.

Txibiteren esanetan oinarrituta, PSNk zabaldutako txio batek hautsak harrotu ditu, ordea: "Kezkatuta gaude gazteek apustuetarako duten mendekotasunarekin. Gobernura heltzen bagara, konpromisoa hartzen dugu apustuen gaineko zergaren bidez biltzen den %1 erabiltzera kirolariek nahikoa baliabide izan dezaten".

Asko izan dira Txibiteren adierazpenak gaitzetsi dituztenak, baita alderdiari txioa ezabatzeko eskatu diotenak ere. Beste hainbatek, berriz, ironiaz erantzun diote, esanez behin hasita drogekin bildutako dirua ere balia daitekeela halakoak egiteko.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak argitaratutako azken txostenen arabera, 411 milioi euro jokatu ziren 2017an Hego Euskal Herriko apustu etxeetan. 2012ko datuekin alderatuta, %115 igo da. Horrez gain, joko mendekotasunak artatzeko zentroek salatu dute gero eta jende gehiagok jo behar izaten duela haiengana, eta jokalariaren soslaia inoiz baino gazteagoa dela. Hala, hainbat herritan protestak ere antolatu dituzte apustu etxeen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.