Erakundeak

Egungo "finantzen liluraz" ohartarazi du Elkargik

Elkarteko presidente Josu Sanchezek dio "kreditu erraza eta interes tasa txikiak" arriskua eragiten ari direla enpresentzat. 252 milioi euro eman ditu elkarrekiko garantia elkarteak 2018an, %3,4 gutxiago.

Elkargiko arduradunak prentsaurekoa ematen. JO URBE / FOKU
xabier martin
2019ko apirilaren 10a
13:39
Entzun

Elkargi Elkarrekiko Garantia Elkarteak ohar argi bat helarazi du bazkideen batzar nagusiaren aurreko ohiko agerraldian: euskal enpresak finantza baldintza errazekin ari dira gaur egun, eta, merkatuak joera aldatzen badu, kalte handia jasan dezakete. "Finantzen lilura" horrek "kreditu erraza" ekarri du, Josu Sanchez Elkargiko presidentearen arabera, baita interes tasa txikiak ere, eta enpresak kolpe handiagoa har dezakete egungo egoera ekonomikoak txarrera egitren badu.

Elkargik 2017an baino berme gutxiago eman ditu 2018. urtean: 252 milioi eurori eman die bermea, %3,4 gutxiagori. Hala ere, indarrean dituen abalen portzentajeak gora egin du, %41etik %46ra, gehienak mikroenpresa eta autonomentzat. Elkargik dio jarduera industriala "moteldu" egin dela 2018an, eta urte horretako azken hiruhilekoan autogintzak izan duen beherakadak azaltzen duela elkarrekiko garantia elkarteak bermatutako diru kopuru osoa jaitsi izana. Dena den, 2019. urtean 288 eta 300 milioi euro arteko kopurura iritsiko dela espero du Elkargik.

Horiek horrela, Sanchezek uste du enpresek epe luzerako prestatu behar dutela finantza egonkortasuna, merkatuak eta produktuak dibertsifikatuz, eta ahalik eta ziurgabetasun gehienak saihestuz, etorkizuneko baldintzek jokoz kanpo harrapa ez ditzan. "Laino beltzak datoz", esan du, garbi utzita enpresek orain prestatu behar dutela irits daitekeen egoera berrirako. Krisi hitza ez du ahoskatu, edonola ere.

Kontzertuaren defentsa

"Hauteskundeen emaitzei begira gaude, enpresari garen aldetik, jakin bai baitakigu gure proiektuei eragingo diela". Kontzertu ekonomikoaren defentsa argia egin du, gainera, eta "kezka" azaldu gertatzen ari diren "erasoak" direla eta. Kontzertuaren inguruan "ez hankarik ez bururik ez duten proposamenak" salatu ditu. Sanchezen ustez, "kontzertua da autogobernuaren oinarri nagusia eta Euskadiren garapena eraikitzeko tresna". Are, Elkargiko presidenteak esan du kontzertua "balio handi bat dela herrialde honetan bizi den edozein pertsonarentzat".

Gaur arratsaldean, Elkargiren enpresa topaketen 30. ekitaldia egingo dute, bazkideen batzar nagusiaren ostean. Batzar hori azkena izango da Pio Agirre zuzendari nagusiarentzat, kargua uztera doa eta. Haren lekua Zenon Vazquezek hartuko du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.