Auzitegiak

Urtebeteko espetxe zigorra, Erorien Monumentuan grabatzeagatik

2.880 euroko isuna ere ezarri diote Clemente Bernad dokumentalgileari, Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiak erabiltzen duen kriptan baimenik gabe grabatzeagatik sekretuak argitara ematea egotzita.

Clemente Bernad eta Carolina Martinez, Iruñeko epaitegira sartu aurretik, atzo. IDOIA ZABALETA/ FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko apirilaren 10a
18:09
Entzun

A sus muertos (Beren hildakoei) Erorien Monumentuari buruzko dokumentala grabatzen ari zirela jarri zuten kamera, Iruñeko Erorien Monumentuan Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiak elkarte ultrakatoliko eta frankistak erabiltzen duen kriptan. Iaz hasi ziren auzia epaitzen, eta, orain, sekretuak argitara ematea leporatuta, Iruñeko 3. Zigor auzitegiak urtebeteko zigorra eta 2.880 euroko isuna ezarri dio Clemente Bernad argazkilari eta dokumentalistari. Carolina Martinez auzipetua, aldiz, absolbitu egin dute. Lurralde Auzitegian helegitea jartzeko aukera dute.

Iruñeko auzitegiko epaileak argudiatu duenez, kripta hura "ez da publikoari irekitako leku bat, erabilera pribatuko leku bat baizik, sarrera mugatua duena, Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiko kideak eta Elizako autoritateak bakarrik sar baitaitezke". Martinezen kasuan, ez dute frogatutzat jo berak ere parte hartu ote zuen kamerak jartzen.

Bernadek arrazoitu zuen "leku publikoan" jarri zituela kamerak, "eta han egiten ziren meza eztabaidagarriak" grabatzea zela helburua. Epaiketan, onartu egin zuen kriptako aireztatze saretaren barruan kamerak jarri izana. Adierazi zuen kamerak udalaren eremuan jarri zituela, eta argi utzi eraikina grabatzeko baimen guztiak zituela. "Udalean, monumentua grabatzeko baimena eskatu nuen. Zilegi ikusten nuen saretaren atzean nik kamera bat jartzea". Epailearen ustez, ordea, "Anaidiko kideen intimitatearen aurka" egin zuen argazkilariak meza frankistak grabatuta.

Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiko kide batek jarri zuen salaketa, 2016ko martxoaren 18an, talde gisa egiteko Artzapezpikutzaren baimena behar zuelako. Fiskaltzak bi urteko espetxe zigorra eskatu zituen epaitu bakoitzarentzat, eta 12.000 euroko isuna. Akusazio partikularrak, berriz, bi urte eta sei hilabeteko kartzelaldia eta 12.000 euroko isuna.

Erorien Monumentua Iruñeko Udalarena da, 1997an Artzapezpikutzarekin sinatutako hitzarmen baten ondotik. Gaur egun eraikina publikoa den arren, Artzapezpikutzak beretzat gorde zuen kripta erabiltzeko eskubidea. Eta horrek Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiari uzten dio hura erabiltzeko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.