'Brexit'

Mayk aditzera eman du 'brexit'-a ekainaren 30etik harago luzatzeko prest dagoela

Baldintza gisa ezarri du brexit-a abian jartzea Erresuma Batuko Parlamentuak Europako Batasuna uzteko akordioa lortu bezain laster. Erresuma Batua ez, gainontzeko EBko kideak biduta daude Mayre eta Tusken proposamenak aztertzeko. Alemaniak eta Frantziak jarrera kontrajarriak dituzte.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko apirilaren 10a
07:13
Entzun

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Bruselan bildu da EB Europako Batasuneko gainontzeko 27 kideetako ordezkariekin, brexit-aren luzapenari buruz hitz egiteko. Mayk proposatu du ekainaren 30era arte atzeratzea Erresuma Batuak EB uzteko data. Proposamen horri beste batekin erantzun zion Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak: data are gehiago atzeratzea; gehienez ere, urte bete. Bileraren aurretik, Mayk aditzera eman du prest egon daitekeela ekainaren 30etik haragoko luzapen bat onartzeko; beti ere, luzapen horrek jasotzen badu Erresuma Batuak EB uzteko aukera izango duela herrialde horretako parlamentuak brexit-erako akordioa lortzen duenean. "Ekainaren 30era arteko luzapena eskatu dut, baina garrantzitsuena da edozein luzapenek jasotzea irteera akordioa berretsi bezain pronto irteteko aukera, maiatzaren 22an irteteko modua izan dezagun".

Mayk maiatzaren 22a markatu du egutegian brexit-a gauzatzeko. Ordurako akordioa lortu nahi du Erresuma Batuko Parlamentuan, eta irteerarako bidea urratzen hasi, Europako Parlamenturako bozak egin aurretik —maiatzaren 23tik 26ra egingo dira—. Horretarako Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruarekin elkarrizketa "serioak eta eraikitzaileak" izaten ari dela adierazi du. "Denbora gehigarria behar dugu Parlamentuan akordioa lortuko dugula bermatzeko, irteera leun eta ordenatua izan dezagu, denoi komeni zaigun moduan".

Erresuma Batuko lehen ministroaren eta EBko gainontzeko 27 estatu kideen arteko bilera amaitu da, baina oraindik ez da publiko egin bertan hitz egin dutenari buruzko informaziorik. May bilkura aretotik kanpo dela, 27 estatu kideetako ordezkariak aztertzen ari dira Mayren eta Tusken proposamenak. Jarrera kontrajarriak daude batzuen eta besteen artean. Esaterako, Frantziak eta Alemaniak iritzi desberdinak agertu dituzte bileraren aurretik.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra brexit-erako epea ekainaren 30etik harago luzatzeko prest agertu da, luzapen hori "malgua" baldin bada eta Erresuma Batuari EBtik irteteko aukera aitortzen badio hark akordioa lortu bezain laster. Alemaniako Gobernuaren helburua brexit "ordenatua" lortzea dela berretsi du Merkelek. Ohartarazi duenez, luzapenik ez bada, arriskua dago ostiralean akordiorik gabeko irteera indarrean jartzeko. Agertoki hori ekidite aldera, "hilabeteetako luzapena" onartzeko prest agertu da, baina gaineratu du luzapen horrek "malgua" beharko lukeela, brexit-a "ahalik eta lasterren" abiatzeko.

Jarrera horren kontrakoa da Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Europak Brexit-a atzeratuko lukeen edozein luzapen eskaintzeko, derrigorrezko jo du Erresuma Batuak plan bat aurkeztea, eskaera hori justifikatuko lukeen "proiektu politikoa" zehaztuko duena. Macronen iritziz, garrantzizkoena da ezerk ere ez jartzea arriskuan "proiektu europarra" datozen hilabeteetan. "Berpizkunde europarra mamitu behar dugu, horretan sinestendut guztiz, eta ez dut nahi brexit-ak hori blokeatzea".

Macronek gaineratu du EBren erabakia Erresuma Batuak hartu duen erabakiarekiko errespetu printzipioan oinarritu behar dela eta batasuneko estatu kideei ez dagokiela erabaki hori zalantzan jartzea edo hura ez gauzatzeko lan egitea.

Frantziako presidentearen esanetan, ez litzateke zentzuzkoa Erresuma Batuak EBko erabakietan parte hartzea, hura uzteko asmoa duenean. Adierazi du, esaterako 2021-2027 urteetarako aurrekontuaren negoziazioetan parte har dezakeela brexit-a atzeratzen bada, eta beto eskubidea ere izango lukeela eztabaida horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.