Korrika

Jendetzaren babesean zeharkatu du lekukoak Bilbo

Eguerdian sartu da lasterketa Bizkaiko hiriburura, eta arratsaldera arte aritu da, auzoz auzo. Aurrez, ia gau osoa Meatzaldean eman du, Trapagaranen, Ortuellan, Abanton eta Muskizen.

arantxa elizegi egilegor
2019ko apirilaren 11
19:42
Entzun

Korrika azken txanpara gerturatzen ari da, baina azken egunak izanagatik egun handiak geratzen zaizkio; gaur Bilbon izan da, bihar Donostian izango da eta igandean Gasteizen amaituko da. Astebete egin du gaur lekukoak, eskuz esku.

Gaur goizeko zortzietan Korrikak sartu-irten labur bat egin du Araban, Aiaraldetik; eta bederatziak aldera Artziniegara ailegatu dira. Berriro Bizkaian, ibilbideak Enkarterrietatik jarraitu du: Gordexola, Sodupe, La Quadra, Zaramillo eta Alonsotegi. Hala, 11:45 inguruan iritsiko da hiriburura, Bilbora, Zorrotzatik.

Korrika ez dela gelditzen esan ohi da, baina ez da beti ahal izaten. Izan ere, batzuetan, halabeharrez, lasterketa segundo batzuez eten beste aukerarik ez dago. Horixe gertatu zaie goizean Sodupen.

Bilbon egun-pasa egingo dute korrikalariek, eta auzoz auzo eta kalez kale ibiliko da lekukoa 16:30 ingurura arte. Kilometro jendetsuak izango dira guztiak, bai eta bereziak ere. Santutxun, adibidez, omenaldia egin zaio iaz zendutako Marian Leon AEK-ko irakasleari.

Santutxun eta Begoñan bezala, Uribarrin ere jendetza batu da Korrikara.

Erakundeek ere babesa adierazi diote Korrikari. Bilboko udaletxearen parean, lekukoa hartu dute udaleko ordezkariek.


AEK, @aek_eus

Plaza Biribilan, kilometro bat egin dute elkarrekin euskalgintzari loturako Bilboko eragileek.

Bilbotik irten aurretik, Deustutik, Ibarrekolandatik, San Inaziotik eta Elorrietatik pasako da Korrika.

Bilbo zeharkatu ondoren, Loiura egingo du lasterketak, eta Gatikatik sartuko da lehenengo aldiz Uribe Butroera. Han, Gatikan, kilometro bat egingo du Autopista Elektrikorik EZ! plataformak. Mungiatik ondoren, Bakiora gero, eta, hortik, Busturialdera, Bermeotik. Korrikaren ibilbideari jarraika dabil BERRIA bertatik bertara bere webgune berezian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.