Erresuma Batua

Erresuma Batuko epaile batek Assange erruduntzat jo du baldintzapeko askatasuna urratzeagatik

Erresuma Batuko Poliziak gaur goizean atxilotu du WikiLeaks plataformaren sortzailea, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan. Ekuadorrek asiloa kendu dio, argudiatuz "nazioarteko lege ugari urratu" dituela.

jarraia165091.jpg
arantxa elizegi egilegor
2019ko apirilaren 11
07:39
Entzun

Julian Assangek zazpi urte zeramatzan Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan babestuta. 2012an sartu zen hara, Suediara estradita ez zezaten. Ustezko bortxaketa bat leporatzen zioten herrialde hartan, baina 2017an artxibatu zuten salaketa. Hala ere, Erresuma Batuko Poliziak atxilotu egin du gaur goizean, eta epaile batek erruduntzat jo du, ezarri zioten baldintzapeko askatasuna urratzeagatik.

[youtube]https://youtu.be/stTMt1tLT4g[/youtube]

Epailearen aurrera eraman dute ekintzailea, atxilotu ondoren, eta Michael Snow epaileak erruduntzat jo du, auzitegietara joateko deiari entzungor egitea leporatuta. Izan ere, 2012ko ekainaren 29an deklaratzera deitu zuten Westminsterko auzitegira, Suediak egozten zizkion ustezko sexu delituak argitze aldera, baina ez zen auzitegira agertu, Suediara estraditatua izateko arriskua saihestearren. Epaileak errudun deklaratu badu ere, Assangek oraindik ez du zigor epaia jasoko. Oraindik zehaztu gabeko egun batean joan beharko du Southwarkeko Koroaren Gortera, epai hori zein den jakiteko. Zigorra urtebetera arteko espetxealdia izan daiteke.

Horrez gain, Assangek maiatzaren 2an agertu beharko du Westministerreko Magistratuen Gortearen aurrera, AEBetara estraditatzeko eskaria dela eta. AEBek konspirazio delitua leporatzen diote, gobernuko sistema informatikoetan esku hartu zuela egotzita. Snow epaileak adierazi du AEBek ekainaren 12ra arteko epea dutela estradizio eskaria babesteko dokumentazio guztia epaitegiaren esku uzteko.

Orain arte, Ekuadorrek Assangeren alde egin izan du behin eta berriz, baina oraingoan asiloa ukatzea erabaki du Lenin Moreno presidenteak, argudiatuz tarte honetan "nazioarteko legedia behin eta berriz" urratu duela. Aldiz, WikiLeaksek salatu du "legez kanpo" kendu diotela asiloa eta, eurak izan direla "nazioarteko legedia urratu dutenak".

Barne Ministerioak, bestalde, berretsi egin du Assange atxilo dagoela, eta eskerrak eman dizkio Ekuadorko enbaxadari haren "profesionaltasunagatik". "Inor ez dago legearen gainetik", adierazi du Sajid Javid Barne ministroak. Haren arabera, Ekuadorren eta Erresuma Batuaren arteko elkarrizketen emaitza da atxiloketa; "Ekuadorrek berak deitu dio Poliziari, Assangeri asiloa kendu ostean".

Suediak Assangeren aurka jarritako salaketak duela bi urte artxibatu bazuen ere, Erresuma Batuak urte berean iragarri zuen enbaxadatik irtenez gero atxilotu egingo zutela. Assangek 2012an hartu zuen babes Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan, haren arabera Suediako fiskaltzaren aurrean egin beharreko deklarazioa "tranpa" bat izan zitekeelako AEBetara estraditatzeko. Uste du bere kontrako auzibidea dagoela han, espioitzagatik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.