Enpresak

Gureak taldeak beste 155 pertsona gehitu ditu lantaldera 2018an

Sei milioi euroren mozkinak izan ditu taldeak, aurreko urtean baino %21 gutxiago, "autogintzaren moteltzea" dela eta.

Taldeko zuzedaritza, gaurko agerraldian. GUREAK
xabier martin
2019ko apirilaren 11
07:32
Entzun

Gureak taldeak ez ditu hobetu aurreko urteko emaitzak, baina zuzendaritza taldea ez dago kezkaturik kopuru zehatz baten gorabehera dela eta. Urritasunen bat duten pertsonak enplegatzen dituen taldeak %2,4ko errentagarritasuna dauka, eta, 2017ko irabaziak (7,6 milioi euro) lortu ez arren, 250 milioi euroren salmentak egin ditu. Fakturazio horrek ahalbidetu dio 6 milioi euroko irabazi garbia (-%21), eta garrantzitsuena: beste 155 pertsona gehitu ditu lantaldera, eta, hala, handitu egin da taldearen funtzio soziala.

Gipuzkoako industria taldeak 5.817 langile dauzka, azken lau urteetan 1.500 langile enplegatu ondoren, eta horietatik %83k urritasunen bat dute: %27k, intelektuala; %22k, adimenekoa; %26k, fisikoa; eta %7k, zentzumenekin loturikoa. Iñaki Alkorta Gureak-eko presidenteak azaldu du 2018an lantaldean sartutako 155 langile horietatik %81 "laguntza premia gehien duten pertsonak" direla. Langile horiek formakuntza handia behar dute, etengabea, eta Gureak taldeak 1.9 milioi euroko inbertsioa egin du trebakuntzan 2018an: alegia, 150.000 ordu. Enpleguarekin lotutako beste datu bat ere azpimarratu dute: 2018an, Gureak-eko 54 langile ohiko lan merkatura pasatu dira —aurreko urteko kopuruari eutsi zaio—, eta langile horietatik %76 laguntza premia handikoak dira.

Bestalde, Iñigo Oiartzabal taldeko zuzendari nagusi izan zena gogora ekarri du Iñaki Alkortak; Oiartzabal bat-batean zendu zela ez da urte bat bete oraindik, eta presidenteak azaldu du maila pertsonalean kolpe izugarria hartu zutela, baina ondoren zuzendaritza berregituratzeari ekin ziotela: "Ez da erraza izan". Haren lekua Asier Vitoriak hartu du.

"Jasotzen dugun euro bakoitzeko hiru gizarteratzen ditugu", azaldu du Vitoriak; Lansariak, Gizarte Segurantzan eragiten duten aurreztea (kotizazio gabeko pentsioen alorrean), eta, ratio hori azaltzean, zuzenean sortutako aberastasuna (BEZ, PFEZ eta sozietate zerga) aipatu ditu. Horrek eraman du Gureak taldea gaur egun duen autofinantzaketa mailara: %80. Pareko enpresetan Europako batezbestekoa %50 dela gogoratu du Vitoriak. "Gureak-ek 47,7 milioi euro jaso zituen diru laguntzetan iaz, batez ere desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasuna sustatzeko, eta, soilik zergetan, 48,5 milioi euro bueltatu ditu kutxa publikora".

Esportazioak, gora

Bestalde, zuzendari nagusi berriak taldeak esportazioetan emandako aurrerapausoa nabarmendu du, %20 hazi baitira nazioarteko merkatuetan egindako salmentak. Industriari lotutako dibisioak biltzen du esportazioen pisu guztia. Zerbitzuak eta Marketin atalak egonkor eutsi diote 2017ko jarduerari, baina, industria denez "taldearen motorra", horri begiratu behar zaio mozkinek izan duten beherakada azaltzeko.

"2018ko azken lauhilekoan moteltze argi bat sumatu genuen autogintzarekin lotutako hornikuntzan, eta horrek eragin digu jaitsiera txiki hori", esan du Asier Vitoriak. "Aurtengo lehen zatian, ez da aldaketarik egon esparru horretako salmentetan; hau da, ez dira beste koska bat jaitsi, eta bezeroek esaten digute urtearen bigarren zatian gorakada bat etor daitekeela". Baina Vitoriak ez du ezkutatu autogintzan ikusten den merkatu ezegonkortasuna "luzerako etorri dela". Salmenten laurden bat autogintzari lotua dago Gureak taldean.

Lan itunak, indarraldian

Bestalde, Gureak taldeko zuzendari nagusiak jakinarazi du taldeko enpresa batean ez beste guztietan indarraldian daudela lan hitzarmenak, "batzuetan herrialdekoak eta beste batzuetan enpresakoak". Ez dagoela Bizkaiko Lantegi Batuak taldeak islatu duen lan gatazkarik, alegia. Gureak-eko langileen %90 indarrean dagoen lan hitzarmen batek babesten ditu, eta besteak lan ituna berritzeko negoziazio prozesuan daude.

Iñaki Alkorta presidenteak esplikatu nahi izan du "erabateko normaltasunez" negoziatu dutela sindikatuekin beti, "negoziazio kolektiboak berarekin dakarren tentsioekin, noski, baina normaltasun osoz". Erantsi du laguntzen duela enpresaren emaitzak eta gainontzeko informazio guztia "gardentasunez helarazteak". BERRIAren galderei erantzunez, argitu du Gureak-en ez dagoela estatalizaziorik, lan itun guztiak herrialdekoak edo enpresakoak direla.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.