Euskal Herriko Itzulia

Schachmannek hirugarrenez irabazi du, eta lehen postuan sendotu da

Ion Izagirrek denbora galdu du, eta koska bat egin du behera sailkapen nagusian: hirugarren da orain, 52 segundora

jarraia165100.jpg
Julen Etxeberria.
2019ko apirilaren 11
07:22
Entzun

Ikusgarri ari da Maximilian Schachmann (Bora) Euskal Herriko Itzulian. Lau etapa jokatu dira, eta hiru irabazi ditu txirrindulari alemaniarrak: aurrena, hirugarrena, eta laugarrena. Gaur irabazi du hirugarrena, Arrigorriagan (Bizkaia), esprintean Tadej Pogacarri (UAE) nagusituta. Segundo batera iritsi dira Jakob Fuglsang (Astana) eta Adam Yates (Mitchelton). Ion Izagirre (Astana), berriz, zortzigarren izan da, bederatzi segundora. Garaipenari esker, Schachmann sailkapen nagusiko lehen postuan sendotu da. Patrick Konrad taldekidea dago orain bigarren postuan, 51 segundora. Ion Izagirrek, berriz, postu bat egin du behera, eta hirugarren da orain, 52 segundora.

Etapari dagokionez, zazpi txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia: Mikel Iturriak (Euskadi-Murias), Carlos Veronak (Movistar), Stephen Williamsek (Bahrain), Maxime Monfortek (Lotto-Soudal), Tsgabu Grmayk (Mitchelton), Alessando De Marchik eta Michael Storerrek (Sunweb). 30. kilometroan egin dute ihes, eta ehun kilometro egin dituzte elkarrekin ihesean. Verona eta De Marchi bakarrik geratu dira aurrean Bikotz Gane Lehen Mailako mendatean gora, baina haien ahalegina ustela izan da, eta Mitchelton taldea buruan zuen tropelak harrapatu egin ditu, helmugarako hamalau kilometro falta zirela. Astana jarri da aurrean, baina Zaratamora, etapako azken mendatera iristear zirela, aurrean ziren hainbat txirrindulari erori dira bihurgune batean, tartean Alexei Lutsenko eta Pello Bilbao Astanakoak. Aldapan gora, Mitcheltoneko ziklistak jarri dira berriro lasterketa buruan. Adam Yatesek erasoa du, eta Schachmannek, Jakob Fuglsangek (Astana) eta Tadej Pogacarrek (UAE) bakarrik eutsi diote. Atzean geratu da Ion Izagirre. Elkarrekin iritsi dira, eta Schachmann izan da azkarrena.

Horrez gain, Itzulia irabazteko faboritoen artean ziren bi txirrindulari jada ez daude lehian, Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step) eta Michal Kwiatkowski (Sky) erretiratu egin baitira, atzoko erorikoak eragindako lesioen ondorioz. Kwiatkowskik etapa hasi du, baina utzi egin du gero. Alaphilippe, ordea, irten ere ez da egin. Beste horrenbeste egin du Jonathan Castroviejok (SKy). Lepauztaia hautsita du, eta ebakuntza egingo diote aurki.

Gaur egin bezala, Itzuliko oilarrak mugitu egingo dira ere bihar, bosgarren etapan. Txirrindulariek 149,8 kilometro egingo dituzte Arrigorriaga eta Arrate artean. Oso saio gorabeheratsua da, zazpi mendate igoko baitituzte: lehenbizi, Hirugarren Mailako Morga, Natxitua, Bedarona eta Arribinieta; jarraian, Lehen Mailako Izua —hiru kilometro eta %12,7ko pendiza—; ondoren, Hirugarren Mailako Trabakua; eta azkenik, Lehen Mailako Usartza —bost kilometro eta %8,8ko pendiza—. Ohiturari jarraituz, Arrateko Santutegian amaituko da etapa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.