Bihar Berrian

Gustuko aldapan medikurik ez

Mendiko erreskate kopurua gorantz doa, baita heriotzak ere. Osasun arloko adituen iritziz, mediku edo erizainek erreskateetan joan beharko lukete; bat datoz mendizaleak ere. Gai hori jorratuko du bihar ‘Bizigiro’ sailak.

Ertzanitza erreskate simulazio bat egiten, Donostiako Ulia mendian. JON URBE / FOKU
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko apirilaren 12a
12:41
Entzun

EHUko, Ertzaintzako eta osasun arloko hainbat profesionalek egindako ikerketa baten arabera, mendiko erreskateak osasun publikoko arazo bihurtu dira. Mendizaletasunak eta erreskate kopuruek goranzko joera nabarmena dute, baita heriotza tasak ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1996tik gaur arte egindako erreskateak aztertu dituzte, eta urte beltza izan zen iazkoa: 267 mendiko erreskate egin ziren, eta 17 hildako izan ziren. Suhiltzaileek eta poliziek egiten dituzte erreskateak, eta ez da mediku eta erizainik joaten taldean, zaurituak egonagatik. Arazoari aurre egiteko, mediku edo erizainak erreskate taldeetan joatea proposatu dute ikerlariek; bat datoz mendi federazioetako kideek ere. Haien hitzak bilduko ditu bihar Bizigiro-k.

Banatu berri dituzten World Press Photo 2019ko nazioarteko sariak ere jorratu ditu biharko aleak. John Moorek Mexikoren eta AEBen arteko mugan egindako argazki batek irabazi du. Hondurastik oinez iritsitako ama-alabak ageri dira irudian; polizia bat ama miatzen ari da, neskatoa haren atzean negarrez ari den bitartean.

Zinemaren atalean, Grace a Dieu filma xehatuko du Gontzal Agotek. François Ozonek zuzendu du ikus-entzunezkoa, eta Eliza barruko sexu abusuen kasu ezagun bat kontatzen du. Telesailek ere izango dute tartea Bizigiro-n; hain justu, Mikel Yarzak Game of Thrones ikus-entzunezko ezagunaren azken denboraldia aletuko du.

Gailu teknologikoekin jarraituz, Oreka I.T. Komunikazio enpresak eta Berria egunkariak abian jarritako Eureka lehiaketa aurkeztuko du Bizigiro-k. Programazio ezagutzak dituzten gazteentzako lehiaketa da, eta lurrikarei buruzko programa bat sortu beharko dute.

Astebururako planik egin ez dutenek, berriz, proposamen ugari topatuko dituzte egunkarian; tartean, Tuteran eta Erriberan (Nafarroa) Barazkiak Goratzeko egiten ari diren jardunaldiak. Bihar, esaterako, Erriberako produktuak dastatzeko aukera izango da Tuteran, baita haiei buruzko hitzaldiak eta tailerrak ere. Maiatzaren 5era arte izango da barazkien festa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.