Politika

Uztaritzeko bost hautetsi abertzalek dimisioa aurkeztu dute

2019ko aurrekontuaren eztabaidaren harira, Bruno Carreren kudeaketa eta hautu politikoak salatu zituzten atzo gauean egin zen herriko kontseiluan. Euskara hutsean egin zituzten adierazpenak, eta herriko kontseiluaren aktan sartzea ukatu zuen auzapezak.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko apirilaren 12a
10:21
Entzun

Uztaritzeko bost hautetsi abertzalek haien kargua uztea erabaki zuten atzo arratsean egin zuten herriko kontseiluaren ondotik. Bruno Carrere auzapezaren taldeak daraman politikarekin duten desadostasuna agertu zuten, testu batean, besteak beste aurrekontuak prestatzeko metodoa eta egin diren hautuak deitoratuz. Euskara hutsean egin zituzten adierazpenak, eta ez zuten itzulpenik egin nahi izan, itzulpen zerbitzua bermatzea herriko etxeari dagokiola argudiatuta. Beste hautetsi baten eskaerari erantzunez, bost hautetsien aktan agerrarazteari uko egin zion Carrerek. Herriko kontseilutik atera ziren bost hautetsiak, eta gaur, haien kargua utziko dutela jakinarazi dute gutun batean. Bruno Carrere auzapezarekin mintzatzen entseatu dira Berria eta Ipar Euskal Herriko Hitza baina oraingoz ez dute bere erantzunik izan.

Ez da berria Uztaritzeko herriko etxean hizkuntzarekin sortzen den eztabaida. Joan den irailean, If Matxikote Uztaritze Bai taldetik kanpo ezarri zutela jakinarazi zuen talde abertzaleak, jarrera desleiala leporatuta. Herriko kontseiluan euskara erabiltzea aldarrikatzen zuen Matxikotek, eta salatu zuen, Bruno Carrere auzapezak ez ziola eskubide hori bermatu. Legeak ezarritako mugak aipatu, eta azken urteetan hizkuntza politikan emandako urratsak nabarmendu zituen Carrerek Berriari eskainitako elkarrizketan. Matxikote kanporatzearekin, beste lau hautetsik ere Uztaritze Bai taldea uztea erabaki zuten; horiek bostak dira atzo kargua uztea erabaki zutenak.

Atzo arratseko bilkuran Bruno Carrerek aurkeztu zituen aurrekontuen kontra egin zuten dimisioa aurkeztu duten bost hautetsiek, metodoarekin bat egiten ez zutela argudiatuta: “kontuak lantzeko eta aurkezteko beste manera bat eskatzen genuen”. Bi arrazoi aipatu zituzten: kontuak “irakurgarriagoak eta ulergarriagoak” izatea, eta arloka dirua nola banatua izanen den erakustea, diru zamak eta loturiko proiektuak “argiki” erakutsita. “Urteko asmoen neurria izateaz gain herriko etxearen orientazio eta hautu politikoak neurtzeko aukera emanen liguke bai hautetsioi baita herritarrei ere. Eskasian kausitzen dugun gardentasuna lagunduko luke horrek, baita herritarren inplikatzeko aukera ere”, adierazi zuten. “Horrela ezinezkoa zaigu ulertzea egiten dituzuen lehentasun hautuak, ez politikoki ez eta ekonomikoki ere”. Gehiengoko taldeari “kudeaketa jarreran” izatea leporatu diote, “herrian diren beharrak aurreikusi baino”. Urte batetik bestera aurrekontuaren atal batzuetan izan diren aldaketei begira ere, haien ulermen eza adierazi zuten.

Itzulpena

Uztaritze Bai taldeak herriko hauteskundeak irabazi ondotik, Uztaritzen euskara hizkuntza ofizial gisa izendatu zuten, Pirinio Atlantikoetako prefetak erabakiari helegitea ezarri eta bertan behera gelditu bazen ere. Atzo dimisioa aurkeztu zuten bost hautetsien iritziz, herriko etxeak ez ditu hauteskunde kanpainan hartutako engaiamenduak bete. Bernat Etxepare lizeoari eman beharreko diru laguntzari buruzko eztabaidak gogora ekarri zituzten, baina, herriko kontseiluan bat bateko itzulpena ezartzearen gaiak hartu zuen gaina. “Eta gauza bera aldi bereko itzulpenarentzat: 1.500€ko aurrekontu bat pasarazi genizuen gure hautets-egitasmoan erraten genuena bermatu ahal izateko, hau da: “uztariztar bakoitzak nahi duen hizkuntza libreki hautatzen ahalko du, izan frantsesa ala euskara”. 6.000.000€-ko funtzionamendu aurrekontu horretan soilik %0,025-eko kostua lukeena kontuan hartu ote duzue? Azken biltzarretako jarrerak ikusita sorpresa ona litzateke…”, adierazi zuten kontseiluan.

Bost hautetsiek adierazpen guziak euskara hutsean egin zituzten, eta ez zuten haien erranen itzupenik egin nahi izan. Orduan sortu zen bigarren eztabaida, bost hautetsiek bidalitako soinu grabaketan entzun daitekeena. “Ulertu ez dutenentzat, itzulpena egiteari uko egiten diote, beraz, legezkotasuna errespetatzeko, ez ditugu zuen hitzak kontuan hartuko”, adierazi zuen Bruno Carrere auzapezak. “Erran duten guzia hitzez hitz itzultzea nahiko nuke”, eskatu zuen ondotik Jean Philippe Urrutia oposizioko hautetsiak. “Erran duten guzia hitzez hitz frantsesera itzultzea nahi dut. Orain itzuli nahi ez dituzun gauzak erran dituzte, gauzak leporatzen dizkizute”. Carrere: “ez dagokit neri itzulpena egitea”. Eskaera berretsi zuen Urrutiak, eta eztabaida artean, honela bukatu zuen Carrerek. “Nire erantzukizuna da deliberoak onartuak izan daitezen, beraz, ez dira itzuliak izanen”. Herriko Kontseilua uztea erabaki zuten orduan bost hautetsiek, eta gaur jakinarazi dute hautetsi kargutik dimititzea erabaki dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.