Finlandia

Alderdi Sozialdemokratak ozta-ozta irabazi dio eskuin muturrari

Soilik 6.000 botoko aldea atera dio SDPk Egiazko Finlandiarrak alderdiari. Antti Rinne sindikalista ohiak gidatuko ditu gobernua osatzeko negoziazioak.

Antti Rinne SDP Alderdi Sozilademokratako burua, hauteskunde garaipena ospatzen. JARNO KUUSINEN, EFE
2019ko apirilaren 16a
07:42
Entzun

Oso emaitza estuarekin irabazi ditu hauteskundeak Alderdi Sozialdemokratak, Finlandian. Botoen %17,7 eskuratu ditu, eta bi hamarreneko aldearekin gailendu zaio Egiazko Finlandiarrak eskuin muturreko alderdiari. Hala, 40 eserleku izango ditu SDPk parlamentuan, eta 39 eskuin muturrak. "Zintzoki, alde handiagoarekin irabaztea espero nuen", adierazi du Rinne SDPko buruak. Hala ere, nabarmendu du 1999az geroztik lortu duten lehen garaipena dela.

Eskuin muturrak gorakada izan du, neurri batean, Jussi Halla-aho lider berriaren bultzadaren ondorioz. Halla-ahok muturreko jarrera politikoa areagotu du, eta horrek eragin zuen zentro-eskuinak gobernu koaliziotik kanporatzea Egiazko Finlandiarrak alderdia.

Kokoomus alderdi kontserbadorea izan da hirugarren alderdi bozkatuena, botoen %17arekin. Azken gobernuan izan den alderdiak %1,2 egin du behera. Gobernuan koalizio kide izan duen Zentroko Alderdiak izan du beherakadarik handiena. Inoiz izan duen emaitzarik kaskarrena jaso du (%13,8).

Aldiz, Berdeak izan dira gorakadarik handiena izan dutenak. Botoen %11,5 bildu ditu. Herritarren artean geroz eta handiagoa da aldaketa klimatikoarekiko kezka, eta horrek isla izan du hauteskunde emaitzetan.

Beraz, SDPk gobernua osatzeko kideak bilatu beharko ditu. Sozialdemokratek berdeen eta ezkerreko indarren babesa bilatuko dutela espero daiteke, baina indar horiek ez lukete gehiengo osorik, akordioa lortuta ere. Gauzak horrela, alderdi handiren baten adostasuna bilatu beharko lukete.

Rinnek azaldu du helburu izango duela gastu publikoa handitzea hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan, ongizate estatua indartzeko eta azken urteetako murrizketei aurre egiteko. Politika horiek finantzatzeko, enplegu tasa %72,5etik %75era handituko duela agindu du, eta zergak igoko dizkiela errenta altuei eta egun zergarik ordaintzen ez duten enpresei. Horrez gain, aldaketa klimatikoa lehentasun izango duela adierazi du. Finlandia karbono isurietan neutroa izatea nahi du 2035. urtea baino lehen, eta karbono isuriak nabarmen negatiboak izatea mendearen bigarren erdialdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.