Bibi Andersson

Bibi Andersson aktorea hil da

Suediako zinemagintzaren aurpegi ezagunenetakoa da Andersson. Atzo zendu zen, 83 urte zituela.

2019ko apirilaren 15a
11:29
Entzun

Bihotzeko gaitz batek jota zegoen Bibi Andersson aktorea (Stockholm, 1935-2019), eta, horregatik, azken hamar urteotan zinema produkzio handien fokuak alde batera utzita aritu da. “Gaitzak galarazi egiten dit zinema filmaketa luzeetan parte hartzea”, esana zuen aktoreak behin baino gehiagotan. Antzerkigintzan eta zinemarako lan xumeagoak egiten eman ditu azken hamar urteak, baina Suediako zinemagintzaren ikonoa da Andersson.

Hamabost urte zituela, Ingmar Bergman zinema zuzendari eta gidoigile suediarrarekin egin zuen topo, iragarki baten grabazioan, eta orduz geroztik elkarri lotuta joan dira Bergman zinemagilearen izena eta Andersson aktorearena. Hamar film baino gehiago egin zituzten elkarrekin: Det sjunde inseglet (1957, Zazpiaren sigilua); Smultronstället (1957, Basa marrubiak); Nära livet, (1958, Bizitzaren atarian), En passion, (1969, Pasioa); Beröringen (1971, Ukitua) eta Persona (1966, Pertsona) dira ezagunenak. Hain zuzen, aktoreak Urrezko Kakalardoa —Suediako zinemagintzaren sari nagusia— jaso zuen azken film horrengatik. 1963an, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza eman zioten Berlineko jaialdian, Vilgot Sjomanek zuzenduriko Älskarinnan filmean egindako lanarengatik.

1980ko hamarkadan, Andersson pantaila handietatik aldendu zen, eta antzerki zuzendari gisa aritu zen hainbat urtez. Zinemagintzara itzuli zen, baina, 1990eko hamarkadan. Besteak beste, Drømpsel (1994) eta Det blir aldrig som man tänkt sig (1999) filmetan parte hartu zuen. Handik gutxira, bihotzeko gaitza diangostikatu zioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.