Korrika

"Korrika tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko"

AEK-k nabarmendu du Korrikak handitzen eta zabaltzen jarraitzen duela, eta erakutsi duela "euskaraz bizitzeko nahia".  

Korrikaren amaierako ekitaldia, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko apirilaren 15a
07:10
Entzun

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egindako ekitaldiaren eta Maialen Lujanbioren mezuaren oihartzuna oraindik entzuten dela, lehen balorazioa egin du AEK-k, Korrikaren antolatzaileak. Mertxe Mugika AEKren koordinatzaileak eta Asier Amondo Korrikaren arduradunak hitz egin dute, Gasteizko Artium museoan.

Lasterketak jasotako babesa nabarmendu dute. Babesa, batetik, herritarrena, gero eta jende gehiago biltzen baita; babesa, bestetik, jarraipenean, hedabideetan eta sare sozialetan. Mugimendua sortu du Korrikak. "Tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko, eta, bereziki, tresna moduan erabiliko dugu euskara sistema eragilean guztiz txertatuta egon dadin".

Aurtengo Korrikaren legatuari dagokionez, bi nabarmendu dituzte. Bat, Lujanbioren mezu sakona: egiteko, eragiteko eta eginarazteko deia. Bestea, 50 eragile eta erakundek hartutako konpromisoak, datorren Korrika baino lehen zer neurri hartuko dituzten sinatu izana.

Euskaraldiarekin lotura handia izan du aurtengo Korrikak, Klika leloaren bidez. Hala ere, bereziki azpimarratu dute aldaketak ez duela soilik herritarrena izan behar, baizik eta eragileek ere egin behar dutela. "Elkarlana eta lidergo partekatua" eskatu ditu AEK-k bide horretarako.

Bi urte barru izango da hurrengo Korrika, 2021ean. Ordura bitartean euskaltegietan lanean jarraituko dute, herritarrak euskalduntzen. Ezagutzan aurrerapausoak egin behar direla ohartarazi du AEK-k, ezinbestekoa dela erabileran aurrera egiteko. Horretarako, euskaltegiei eta euskara ikasleei babes ekonomiko handiagoa emateko eskatu du. Klika egitea arlo horretan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.