Enplegua

Langabezia tasa %10,2ra jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2019 hasieran langabe kopurua gutxitu egin da, baina baita aktiboena ere.

jarraia165331.jpg
Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 17a
10:16
Entzun

Eustaten datuen arabera, 106.200 lagun daude lanik gabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2018ko azken hiruhilekoan baino 1.100 gutxiago. Sexuaren arabera, ordea, kontrastea oso handia da: 4.800 emakume gehiago daude lanik gabe (57.000), eta 5.800 gizon gutxiago (49.200). Ondorioz, are gehiago urrundu dira langabezia tasak: %9ra jaitsi da gizonen artean (-1,1) eta %11,5era igo da emakumeen artean (+1).

Lurralde historikoen artean ere aldea nabarmena da. Gipuzkoak du tasarik txikiena (%7,9) eta han izan du lan merkatuak bilakaerarik onena, 1.200 langabe gutxiago zenbatu baititu han Eustatek. Langabezia jaitsi egin da Bizkaian ere (-300), eta igo, berriz, Araban (+500); batek zein besteak %11,3ko tasa dute.  

Adinak behera egin ahala, igo egiten da langabe kopurua. 45 urtetik gorakoen artean %8,1 daude lanik gabe, eta %11,6 dira 25-44 urte artekoen artean. 16 eta 24 urte artekoetan, berriz, %19,7ra iristen da langabezia tasa, eta gora egin du gainera (+0,6).

Aktibo gutxiago

Betiere Eustaten arabera, langabeziaren jaitsiera osorik zor zaio biztanleria aktiboaren txikitzeari. Haren datuek diote 1.041.300 milioi daudela lan egiteko moduan, aurreko hiruhilekoan baino 3.400 gutxiago. Neurri batean, biztanleriaren jaitsierari zor zaio erorialdi hori, 2.100 lagun gutxitu baita 16 urtetik gorako biztanleria. 

Edonola ere, lanean ere jende gutxiago dago: 935.100 dira, 2018 amaieran baino 2.300 gutxiago. Haien artean, emakumeak berriro daude galtzaileen artean: 6.400 emakume gutxiago daude okupatuta.

Sektoreei dagokienez, Eustaten inkestak dio landunak gehitu egin direla lehen sektorean (+400) eta eraikuntzan (+1.400) eta gutxitu, berriz, industrian (-2.100) eta zerbitzuetan (-2.000). 

Landunen %80 soldatapekoak dira, eta horien artean gutxitu egin dira aldi baterako kontratua dutenak (-3.800) eta gehitu, aldiz, kontratu mugagabea dutenak (+1.200).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.