Sexu erasoak

Salatu dute EHUko sail batek bidea hasi duela sexu jazarpena egitea egotzitako irakasle bat kontratatzeko

Ikasle Ekintza taldeak eskatu du ez aurrera jarraitzeko kontratazioarekin; EHUk azaldu du oraindik gauzatzeko dagoen prozedura bat dela, ontzat eman gabea

jarraia165337.jpg
arantxa iraola
2019ko apirilaren 17a
09:53
Entzun

"Arrisku potentziala" da, Ikasle Ekintza taldeko ordezkarien aburuz, Emanuele Castano ikertzailea, eta ohar baten bidez adierazi dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ez lukeela kontratatu behar. 2012tik sexu jazarpenarekin lotutako salaketak jaso dituela azaldu dute: New Yorkeko Unibertsitatetik, esaterako, horrexegatik bota zutela. Aditzera eman dutenez, orain Psikologia Fakultateko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailak abiatu du ikertzaile hori kontratatzeko bidea. Kontra egiteko eskatu dute. Oraindik kontratazioa burutzeko dagoela esan dute, eta eragozteko ahaleginak egin behar direla.

Eusko Jaurlaritzari ere mintzatu zaizkio; esan dutenez, kontratatzen badute, Ikerbasquek hartuko du bere gain ikertzailearen ordainketaren %60, eta badu zeresana prozesuan. Ororen buruan, kontratazio horien atzean dagoen lan eredua auzitan jarri behar dela esan dute: "Finantzaketa era hau sistema patriarkalean gizonek elkar babesteko duten pribilegioaren eredu dela uste dugu, emakumeen segurtasuna eta ongizateari kalte eginez, horren ondorioz salaketak hutsaldu eta ezkutatzen baitira". Halakoekin unibertsitateko berdintasun planean ezarritako asmoak auzitan jartzen direla esan dute.

EHUk ohar bat plazaratu du ikasleen kexuaren harira. "Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailak eskatu du aipatutako kontratazioa egitea, baina horrek ez du esan nahi erakundeak eskaera ontzat eman duenik", nabarmendu du. "Eskaeraren tramitazioan aurrera egiteko beharrezkoak dira, batetik, Psikologia Fakultateko Batzarraren onespena, bestetik, Unibertsitateko Irakasleen Batzordearena, eta, azkenik, hala gerta baledi, Gobernu Kontseiluarena".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.