Ipar Irlanda

Bi gazte galdekatu dituzte herenegun Derryn izandako hilketaren harira

Lyra McKee kazetaria da hildakoa. Ipar Irlandako Polizia "ekintza terrorista" gisa ari da ikertzen gertatutakoa.

BERRIA

Arantxa Elizegi Egilegor -

2019ko apirilak 19

Ipar Irlandan urte beltzenen giroa zabaldu da egunotan. Derryn herenegun gauean izandako istiluetan kazetari bat hil zuten, eta, horren harira, poliziak bi lagun galdekatu zituen atzo, 19 eta 18 urtekoak. Lyra McKee da hildako kazetaria. Mulroy Park eta Galliagh barrutietan zeuden liskarrak grabatzen ari zen, sakelako telefonoarekin, kazetari talde batekin batera. Polizia operazio zabala egiten ari zen auzo horietan. 

"Errepublikar disidenteak indarkeriazko ekintzak prestatzen ari dira. Aste Santuko asteburuan erabil ditzaketen armen bila ari gara", adierazi zuen aurretik Mark Hamilton poliziaburuak. 

Baina operazioa zabalik zela liskarrak piztu ziren. Hainbat pertsonek molotov koktelak jaurti zizkieten polizien ibilgailuei eta su eman zieten beste bi autori. "50 koktel inguru jaurti dizkigute. Hau guztia antolatutako ekintza bat izan da", adierazi dute segurtasun indarrek.

Gaueko 23:00 inguruan hasi zen tiroketa. Une hartan jende asko zegoen kalean, zer gertatzen ari ote zen ikustera irtendakoa. McKee ere kalean zen, eta tiroz zauritu zuen erasotzaileak. Erietxera eraman zuten berehala, baina ezin izan zuten ezer egin. Iturri ofizialek ez dute zehaztu zauritu gehiagorik ote dagoen. 

IRA Berria egiten dute erasoaren erantzule, eta gertatutakoa "ekintza terrorista" balitz bezala ari dira ikertzen. Ipar Irlandarako ordezkari Karen Bradleyk gaitzetsi egin du 29 urteko kazetariaren hilketa, eta gogorarazi du herritarren gehiengoak etorkizun baketsua nahi duela Ipar Irlandarako.