Futbola-Lehen Maila

Bi kolpek jota utzi dute Reala (2-1)

Partida ona jokatu du Bartzelonaren zelaian, baina saririk gabe itzuli da

Bartzelonako jokalariak lehen gola ospatzen. Alboan, Realekoak burumakur. ENRIC FONCUBERTA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 20a
08:16
Entzun

Golak: 1-0: Lengletek (45. min); 1-1: Juanmik (62. min.); 2-1: Denbelek (64. min.)

Realak ez du galtzerik merezi izan Nou Campen, baina talde handien zelaietan ohikoa den bezala merezi baino sari txikiagoa lortu du. Txuri-urdinek ausart jokatu dute, baloia oinetan hartuz, baina eraginkortasuna falta izan zaio. Bartzelonak, aldiz, soberan izan du, eta agindu ez arren bi kolpe on aski izan ditu aurkaria jota uzteko. Ez zen puntuak biltzeko tokirik onena, baina errealitateak dio Europan sartzeko itxaropenak gero eta txikiagoak direla.

Reala ez da Bartzelona baino gutxiago izan lehen zatian. Ez da erritmo biziko zatia izan, eta Realari mesede egin dio. Baloia hartu duenean, gainera, min egin dio Bartzelonari.  Horren eraginez, aukera oso on bat izan du, bi errematekoa, baina ez du baliatu (35. min.). Lehenbizizkoan Ter Stegenek geldiketa bikaina egin dio Juanmiri, eta bigarrenean Willian Josek kanpora bidali du. Realak barkatu egin du, baina Bartzelonak ez. Lehen zatiko azken jokaldiak Lengletek buruz sartu du 1-0ekoa korner batean. Emaitza ez zen bidezkoa.

Bigarren zatian jokoa bizitu egin da, eta pixka bat hautsi. Realak ondo baliatu du banakoa egiteko. Mikel Merinok pase ikusgarria eman dio Juanmiri, eta harrk, Ter Stegenen aurrean, ondo gurutzatu du baloia sareetara (62.min.). Golaren hiru laurdenak, dena den, Merinorena da. Lerro arteko pase zehatza eman du, Bartzelonaren lau jokalariren artean, eta Juanmi une egokian sartu da arean.

Realak merezitako saria lortu du, baina oso gutxi iraun dio pozak, Bartzelonak hurrengo jokaldian sartu baitu 2-1ekoa. Jordi Alba baloia area ertzean kontrolatu du, eta barrurantz iskin eginez atera jaurti du. Rullik jauzi ikusgarria egin du, baina ahalegin hutsala izan da.  Atzelari bat horrelako jokaldi bat egiten ikustea, Bartzelonaren kalitatearen froga da.

Azken minutuetan Bartzelonak hirugarren gola bilatu du, arrakastarik gabe. Realaren aldaketek, aldiz, eragin txikia izan dute jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.