Eztabaida gela

Haurren hipersexualizazioa

Adituek ohartarazi dute gero eta goizago sexualizatzen direla haurrak. Horri buruz eskatu die gogoeta BERRIAk Arregiri eta Urrejolari.

Haur talde bat jolasean. /
Haur talde bat jolasean. / Jagoba Manterola/Foku

Berria -

2019ko apirilak 21

Hipersexualizazioan galduta 

Izar Arregi (psikologoa)

Sexu harremanak gero eta lehenago izaten dira, eta erlazio horiek izateko tokia eta modua gero eta inpertsonalagoa da. Alde batetik, gorputzaren eraldaketa garaia aurreratzen ari da. Hormona aldaketak desira sexuala eta norbere identitate sexualaren jakin-mina pizten du. Psikologikoki, ordea, nerabea nahastuta dago, ideia irrazional ugariz josita, eta, bere ustetan, ausart dabil probatu nahi duen erlazio sexual libre idealizatu horren bila joateko.

Batik bat nesken artean, gero eta gehiago dira norbera masturbatzen hasi aurretik eta psikologikoki prestatuta egon aurretik koito bidezko harreman sexualak izan dituztenak eta esperientzia horretatik minduta atera direnak. Eta hori gutxi balitz bezala, lotsatu egiten dira ez dutela ondo pasatu esaten. «Baliteke neskak gehiago gustatzea edo bisexuala izatea» pentsatzen dute —eta izan liteke hori ere, baina ez du minarekin lotuta joan behar horrek—. Mutilen artean, berriz, homosexualitatea oraindik asko baztertzen dute, eta norberak bere identitate homosexuala edo bisexuala onartzeko zailtasunak ikusten dira. Mutil eta neskak, zenbat eta gehiagorekin ligatu, orduan eta gehiago balio dutelakoan daude. Erlazio sexualetan ere, badirudi kantitatea dela kalitatearen gainetik dagoena. Informazio hori guztia jasotzen dut egunero gazteekin ikastetxeetan izaten ditudan solasaldietan eta lan saioetan.

Nerabea eta gaztea izatea zaila da. Helduen bizitzan heldua kritikatuz murgildu behar dute. Gurasoekiko indibidualizazio prozesua gauzatzeaz gain, norbere identitatea eta nortasuna finkatu behar dute. Aurkikuntza horretan, itxurak, besteek nitaz uste duten horrek, indar izugarria hartzen du. Nerabearen autokontzeptua eta autoestimua (uste duen horri ematen dion balioa) esparru desberdinetan, behin eta berriz, jokoan daude. Zenbateraino naiz gustagarri? Aurkikuntza horretan, nerabea seduzitzera joango da, baina sexu harreman beharra baino gehiago, zenbaterainoko gustagarri den jakin nahian dabil. Guztiek behar eta nahi bera dute: maitatuak eta onartuak izatea (oinarrizko beharra eta unibertsala da).

Kontuak asko eta azkar aldatu dira azken hamarkadetan. Helduen mundutik iristen diren mezuak aldatu egin dira: mezu «debekatzaile» eta «kontserbadoreetatik», izan ere, autonomian, arduran eta enpatian oinarritutako mezuak ematera pasatu gara. Gazteek duten ulertzeko modua, beti, guk azaldutakoa baino aurreratuagoa izango da. Askatasunean oinarritutako mezua ematea ondo dago, baina elkartasunean, kolaborazioan eta esfortzuan oinarritzen diren mezuekin uztartu behar ditugu. Arauek, mugek, babestu egiten gaituzte. Frustrazioa eramaten ikasteko, honako gai hauek landu behar dira: barne motibazioa, konstantziarako gaitasuna. Eskubideak eta askatasun mailek, ardura eta frustrazio gaitasunarekin bat joan behar dute. Gaitasun hori asko murrizten ari den haurtzaroan sustatzen da. Jada 9-11 urteko sokasalto jolasa, mugikorrek ordezkatzen dute; klubeko entrenamenduak, harrapaketa jolasteko astia lapurtu diete eta eskuetan patinete elektrikoa izanik, egurrezko goitibeherak egiteko irrikarik ez dute. Gaztea, autoz edo helikopteroz Hiru Erregeen Mahaira eramango bagenu bezala da. Bista berdinak dira, baina izerdirik gabe igotako gailurrak ez du sentsazio berdina sortzen. Hurrengo nahia, Everest izan daiteke, baina... inguruko mendixkara igotzean, arnasestuka hasi, eta bareak helduko dio. Momentu horretan ohartuko gara zein garrantzitsua den gure seme-alabekin haurtzaro garaian mendixka txikiak igoz benetan mendizaletasuna, bizipoza, sustatzea.

Atzean sexismoa dago

Amaia Urrejola Muguruza (Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskola)

Haurrek, pertsonalitatea eraikitzen duten heinean, sexualitatea ere eraikitzen dute, sexudunak direlako. Sexualitatea giza dimentsio bat da. Jaiotzetik hil arte eta gorputz osoan daukagu, bakoitzak berea du, eta ongizaterako eta erlazionatzeko beharrezkoa dugu. Umeak ez dira asexualak, sexu identitatea eta erotika dutelako. Erotika portaera sexuala da, gure sexualitatea adierazteko modua, hain zuzen. Baina, haurren erotika ez da produktu kulturaletan irudikatzen digutena, eta, are gutxiago, iragarkietan ordezkatzen dutena. Gizartean dugun ezjakintasun sexualaz aprobetxatzen dira merkatu berriak zabaltzeko. Izan ere, umeek sexualitaterik ez dutela hedatuta dagoen ideia faltsua da. Horregatik, sexismoan oinarritutako moral bikoitzetik sexualizatzen dituzte, eta ondorioak kaltegarriak dira. Sexuaren arazo bakarra sexismoa baita, neskak mutilen zerbitzura egotea, alegia. Laburtuz, problema ez da haurren sexualitatea, helduen betaurrekoetatik eta sexismotik irudikatzea eta epaitzea baizik.

Haurren eta helduen sexualitatea eta, zehazki, erotika diferenteak dira. Umeena, autoerotikoa da, hau da, norberarengan zentratzen da. Hortaz, ez dute besteekin harreman erotikoak edukitzeko interesik, ezta inorengan eszitazioa edo desira pizteko asmorik ere. Helburu bakarra gozamen propioa asebetetzea da. Eta besteen gorputza esploratzen dutenean, medikuetan jolasten direnean, bultzada bakarra kuriositatea da. Azken finean, bestea pertsona ezberdina denez, ezagutu beharra dago. Seduzitzen badute, jolasteko da, ez ligatzeko. Gainera, ez dute helduen abstrakzio maila bera. Horrekin batera, sexu harremanak soilik norbere buruarekin edukitzen dituzte. Besteekin edukitzeko, aldiz, bien aldetik gorputza-gozamena-desira eta komunikazioa-adostasuna-errespetua egon behar direlako. Bukatzeko, imitazioaren bidez ere ikasten dutenez, helduek bezala, erlazioetara jolasten dute. Helduen erotika, berriz, autoerotikoa eta heteroerotikoa da. Ondorioz, besteekiko interes erotikoa dago, eta beharrizanak norbanakoan (nirekin) eta erlazioan (bestearekin) asebetetzen dira.

Pertsonak animalia sinbolikoak gara. Eta sinbolizatzeko gaitasuna, pubertarotik, abstrakzio mailarekin batera garatzen dugu. Baina, genero-sozializazioa dela eta, sexuen arteko harremanak botere simetrian eta elkarbizitza sinergikoan eraiki beharrean, botere asimetrian eta testuinguru patriarkalean eraikitzen ditugu. Beraz, sexualitatea eraiki dugun konstruktu kultural unibertsal eta antinaturalena da. Gainera, haurren erotika, helduen betaurrekoetatik ulertzen eta interpretatzen dugunez, helduen sexualitatea proiektatzen diegu. Ondorioz, helduen jarrera eta jokabide berdinak erreproduzitzea ere espero dugu. Eta hori da, zehazki, produktu kulturaletan negozio bihurtuta ikusten duguna. Funtsean, sexu heziketa da konponbide bakarra. Sexua, saihestu eta prebenitu beharreko arriskua bainoago, kultibatu behar dugun balorea dela ulertu arte, haurren sexualitatea ezeztatzen eta ezkutatzen jarraituko dugu. Horrek tabua eta debekua elikatzen ditu, merkatu sexistaren aliatuak, alegia. Ezagupen sexologikoak, aldiz, kritikotasuna sustatzen lagunduko digu. Kritikatzeko ere ikasi beharra dago eta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna