Ukraina

Zelenski nagusitu da presidentetzarako bozen bigarren itzulian

Botoen %73,09 eskuratu ditu umoregileak, eta %24,57rekin geratu da orain arteko estatuburua, Petro Poroxenko. Horrek onartu egin du porrota, baina iragarri du politikagintzan jarraituko duela aurrerantzean ere.

Volodimir Zelenski, Ukrainako presidente hautatu berritan. STEPAN FRANCO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko apirilaren 22a
10:37
Entzun

Volodimir Zelenski, hori da Ukrainako hurrengo presidentearen izena. Orain arte umoregilea izandako bat aukeratu dute herritarren %73,09k estatua zuzentzeko. Botoen %80 zenbatu dituzte orain artean, baina bi hautagaien arteko aldea kontuan hartuta —botoen %24,57 eskuratu ditu orain arteko presidenteak, Petro Poroxenkok— garaipena ziurtatua du Zelenskik.

Herritarren %62,07k parte hartu dute presidentetzarako bozen bigarren itzulian, eta Liv eskualdean ez beste guztietan nagusitu da Zelenski. Liv eskualdean, Poroxenko izan da nagusi, botoen %64,5 lortuta.

Pozik agertu da estatuburu aukeratu berria, eta eskerrak eman dizkie kanpainakideei eta herritarei bere alde egiteagatik: "Ez zaituztet inoiz bakarrik utziko". Aldiz, porrota onartu beste aukerarik ez du izan Poroxenkok, baina iragarri du gobernutik kanpo geratu arren politikagintzan jarraitzeko asmoa duela. "Azken bost urteak benetan zailak izan dira, baina gauza asko lortu ditugu; horiek defendatzea da orain gure helburua".

Krimea Errusiako beste probintzia bat da gaur egun. 2014ko matxinadaren ondoren, Ukrainak Errusiarekin apurtu zuen, eta harremanak sendotu zituen Mendebaldearekin, baina lehendik zeuzkan egiturazko arazo anitz ez dira konpondu. Testuinguru horretan lortu du arrakasta Zelenskik, ustelkeriaren aurkako mezuekin eta erreforma politikoen aldekoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.